'Artistak Egoitzan' programako ikerketa eszenikoko lau proiektuak aukeratu dituzte

Bi hasiera fasean dauden proiektuak dira eta beste biak garapenean. Dirulaguntza jasoko dute eta proiektuak garatzeko egonaldiak izango dituzte.

Dramaturgia berriekin eta dantza garaikidearekin lotutako lau proposamen hautatu dituzte Artistak Egoitzan programaren barruan. Hogeita zortzi eskaera jaso dituzte eta batzordeak lau hautatu ditu uztaila eta urria bitartean egoitzak egiteko.

Hasierako fasean dauden proiektuen artean aukeratu dute Eva Guerreroren El ultimo baile. Testuak eta zuzeneko musika izango dituen dantza garaikideko ikuskizuna izango da, 2024ko uztailean adineko pertsonei egindako elkarrizketa ugarien zatiekin eginak. Bilboko DOOS talde artistikoaren bidez garatuko da.

Bestea, Las Nenas-en Torcidxs izango da, umorez egina, eta Z Belaunaldiaren hizkuntza erabiltzen duena eta indarkeria estetikoko egoerak antzezten dituena. Soinuaren eta ahotsaren distortsio-tresnak erabiliz, esperientzia estetikoa areagotu nahi dute, gorputzaren eta ahotsaren arteko disoziazioa aztertuz.

Garapen fasean dauden proiektuetatik Katastrofen Teatroaren Hezetasun erlatiboa komedia garaikideko antzerkia izan da batzordeak hautatuta. "Adoreari, adiskidetasunari eta entrenatu ezin diren gauzei" buruzkoa da. 

Bestetik, Entre mi cuerpo yo. Llorona llévame al río dantza garaikideko pieza aukeratu dute, zuzeneko musikarekin. Olaia Valle Lópezek sortu zuen, eta azken urteotan, interprete-lana eta sorkuntza propioak uztartu ditu. Pieza BAD Jaialdiaren hurrengo edizioan estreinatuko da.

Lehenengo bi proposamenek 2.000 euroko laguntza jasoko dute, hasierako fasean dauden proiektuak direlako, eta beste biei, garapen-fasean daudenez, 4.000 euroko laguntza emango zaieProposamen bakoitzak espazio bat eta BilbaoEszenaren laguntza teknikoa ere izango ditu bere proiektua garatu ahal izateko.

Garapen fasean dauden bi proposamenak BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hurrengo edizioan aurkeztuko dituzte, urriaren 17tik azaroaren 27ra bitartean.