Artizarrean ez dute bizia aurkitu (oraindik), baina topatu dutena gertu gaudenaren seinale da
Fosfanoa da topatu dutena, eta oraindik ezin dute azaldu nolatan dagoen bertan. Baina, zer ote da fosfanoa?
Artizarra da ilunabarretik egunsentira zeruan ikusi dezakegun planetarik distiratsuena. Baina, posible ote bertan bizia aurkitzea? Garai batean baiezkoa uste izan zen, Artizarrak Lurraren itxura antzekoa duelako, atmosfera duelako eta nahiko gertu dagoelako. Ordea, bertako baldintzak oso gogorrak dira, negutegi efektu ikaragarria jasaten baitu; bataz-besteko tenperatura 450 gradutik gorakoa da, eta presio atmosferikoa aldiz, Lurrekoa 90 bider astunagoa. Baina Artizarraren historian, inoiz posible izan zen bizitza, adituek diotenez. Orduan, orain topatu dutena bizi arrastoak ote dira?
Nature aldizkariak argitaratu duenez, fosfina (PH3) gasa topatu dute planetaren atmosferan. Baina zer da fosfano edo fosfina delako hori? Baratxuri edo arrai ustel usaina izateaz eta sukoia izateaz gain, gas hau naturalki sortzen da materia organikoa degradatzean. Horregatik, Artizarrean bizia egon denaren arrasto ziurtzat hartu dute zientzialariek.
Zoritxarrez, horrek ez du esan nahi bizia dagoenik; hain zuzen, 2009an fosfina topatu zuten Jupiter eta Saturnon, eta baita Chury kometan, baina bizi arrastorik gabe. Kontua da, Artizarrean fosfina kopuru nabarmena topatu dutela; ikerketa burutu duten zientzialariek adierazi dutenez, kopuru handiegia da bizi arrastorik tartean ez egoteko. Janusz Petkowski astrobiologo eta ikerketaren egileetako batek honakoa adierazi du: "Topatutako kopurua ezinezkoa litzateke harrizko planeta batean bizi arrastoren baten eraginik gabe. Bizitzak prozesu kimikoan zer ikusirik izan ez badu, harrizko planeten inguruan genekiena oker zegoen".
Ikerketak aurrera egingo du, bizi arrastoen bila; oraindik goiz da zer nolako biziaz ari garen jakiteko, baina orain arte topatutako arrastorik nabarmenena da.