ASTE (EZ HAIN) SANTUA I

Londres. Aste Santua. Aspaldiko ohiturak berreskuratuz, lagunek oporrak elkarrekin egitea erabaki dugu (bikotekideak, umeak eta gainontzeko zama astuna etxean utzita, jakina). Hegazkineko bidaia laburraren ostean, hortxe sartu gara, bete-betean kultur aniztasunaren hiriburuan. Nerabeen modura gabiltza, saltoka, gure arreta pizten duen guztiari argazkiak eginez eta gure inguruan beste inor egongo ez balitz bezala hizketan. Big Ben eta Westminster abadia bisitatu, jatetxe exotikoetan bazkaldu, Camden Townen erosketa batzuk egin, tea noiznahi edan, Chicago musikala ikusi… Lonely Planet-a gure bidelagun bihurtu dugu. London: The Nightlife-k ere berebiziko garrantzia du guretzat, baina kasu honetan ez dugu gida horren beharrik, hiriaren ezagutza mugatua izan arren, argi genuelako Soho gure auzorik gogokoena izango zela.


Jatetxe oriental batean zerbait afaldu ondoren, trago bat hartzera joan gara Asier, Annie, Edurne eta laurok. Ondoren, ordea, taldeko bi neskek aterpetxera joatea erabaki dute. “Bai zera! Gaua orain hasiko da eta!!!”, erantzun diegu Asierrek eta biok. Alferrik. Eguneko turismoa hobetsi dute eurek. “OK, no problem!”,


eta hortxe abiatu dira biak metrora, mutilok G.A.Y. dantzalekuko atariko ilaran gentlemenen modura lasai asko itxaroten genuen bitartean. Barrura sartu garenean, aldiz, argi gelditu zaigu britainiarrek berezko elegantzia hori etxean uztea nahiago izaten dutela gauez. Mutilak dira gehienak. Parrandarako gogoz daudela begibistakoa da. Pop abesti megaitsaskorrak bata bestearen atzetik doaz eta horrek, giroa berotzeaz gain, jendea dantzan ero moduan jartzen du. Etxean bezala sentitu gara Asier eta biok. Horixe bilatzen genuen.


Ohiko klixea dirudi agian, baina praktikak hala baieztatu du beste behin ere: Londresen ligatzea Euskal Herrian baino askoz errazagoa da. Jendeak beste jarrera bat du. Interakzioa dago. Solasaldi laburrak. Begirada luzeak. Euskaldunok asko dugu ikasteko!
Komunerako bidean noala, mutil beltzaran batek begirada gainetik kentzen ez didala sumatu dut. Itxura ederra du. Arrunta, baina era berean erakargarria. Barre txikia du ezpainetan. Begirada lotsagabea. Gustuko dut. Komunetik bueltan bere ondotik pasa eta … bi segundo geroago bere mingaina aho barruan nuen. Ez dut erreakzionatzeko denborarik izan! Baina mota honetako sorpresak atsegin ditut. Eta halere, hitzik egin gabe diskotekan aurrera jarraitu dut. Mutil brasildar katxarro bat Asierrekin ligatzen ari da. Eta nire laguna gustura dagoela dirudi, baina aldi berean gizajo baten moduko jarrera du. Duela ez asko mutil batekin gelditzen hasi da Asier, eta sortu berria den harreman horrek eragina duela esatera ausartuko nintzateke. Ni, berriz, nire kaxara, dantzan topera, inguruan beste inor egongo ez balitz bezala, eta aurrean dudan mutil batekin ligatu nahian. Hegazkineko zerbitzaria omen da. British Airways? Brussels Airlines? Ez dut argi zer esan didan. Bost axola, egia esan. Ederra da mutila. Baina ez dit kasu handiegirik egiten.

Inguruan dudan beste mutil kuadrilla batengana gerturatu naiz dantzan. Interakzio pixka bat egon da. Halere, nik nirera jarraitzen dut, Robynek kantatuko lukeen modura, Dancing On My Own, eta pintak ura moduan edaten. Ez al da hori Erresuma Batuko ohiturarik errotuena? Eta ez al gara etorri Londresera bertakoen ohitura zaharrak ezagutzera? Konturatzerako, ordea, diskotekako argiak piztu dituzte. “What The Fuck!!! Goizeko ordubiak besterik ez dira eta!!!”, baina britishen ordutegiak eta gureak ez datoz bat, antza, eta diskotekatik alde egiteko ordua iritsi da. Sarreran, berriz, komunetik bueltan ezagutu dudan mutil beltzarana dago, eta gure begiradak gurutzatzerakoan irribarre handia oparitu dit. Nik ere antzera erantzun dudala esango nuke, instant batean aldamenean nuelako mutila. “What’s your name?” galdetu, eta Diego erantzun didanean harritu egin naiz. “Where are you from, Diego?”, Londresekoa izan arren, ama kolonbiarra duela gaineratu du. Ni, berriz, euskalduna naizela erantzuterakoan, “Pues entonces también hablas castellano, ¿no?”, bota dit eta, baietz erantzun ostean, gazteleraz hizketan hasi gara. Ordurako Asier diskotekako kanpoaldetik niri begira zegoen, “Zer egin behar duzu?” itaunduz bere aurpegiarekin. Diego berehala ohartu da
eta gerritik heldu nau, begiek distira egiten zioten bitartean. Eta une horretan ez dut zalantzarik izan: gaua berarekin pasatzeko desiratzen nago.


Asierrek aterpetxera itzultzeko asmoa du. Nik, aldiz, Diegorekin geldituko naizela adierazi diot. Eta lasai egoteko gaineratu ondoren, hortxe alde egin dugu nire beltzaranak eta biok kalean behera. Nora goazen galdetu eta ordu horretan ia leku guztiak itxita daudela esan dit Diegok. “Londresen? Ez da posible!” pentsatu eta, orduan, 24 orduz zabalik dagoen sauna batera joan gaitezkeela entzun dut. Demontre.

[...]

JARRAIPENA DATORREN HILABETEKO ZENBAKIAN