Aste Santuko oporretarako hiru plan proposamen
Egun batzuk libre badituzu eta zerbait egiteko gogoz bazaude, hementxe dituzu aukera interesgarri batzuk!
1. Euskal Herriko txokoak ezagutzeko txangoak
EH Furgok furgonetan egindako hainbat bidaiaren inguruko berri eman izan du bere atarian urteotan zehar, argazki ederrez lagunduta. Furgonetarik ezean, autoan, bizikletaz edo garraio publikoan mugitzeko ere egokitu daitezke planak, ideiak hartuta eta aukeraketa eginda. Badirudi eguraldiak ez duela askorik lagunduko baina webgunan Gorbeialdea eta Araialdea ezagutzeko, Nafarroako Bardeetan edo Euskal Herriko kostaldean barrena ibiltzeko proposamenak aurkituko dituzue, besteak beste. Babesean edo euripean, gozatu gure paraje eta txokoez!
2. Gazte Topagunea, Berriozarren
Bihartik igandera izango da Gazte Topagunea, Berriozarren, Gazteen Eskutik lelopean. Hitzaldiak izango dira eta etxebizitza, euskara, klima larrialdia, ikasle borroka edota feminismoa izango dituzte hizpide, besteak beste. Tailerrak eta proiekzioak ere izango dira. Eta nola ez, ez da musikarik faltako. Zer kontzertu izango diren? Bada, Skabidean, Aimarz, Bele, Nogen, Sukena, Maruxak, La Fulana, Gozategi, Olatz Salvador, EuskoPrincess eta beste hainbat!
3. Nafarroaren Eguna, Baigorrin
Apirilaren 27an Nafarroaren Eguna izango da Baigorrin. Merkatua, askaria, eta desfilea egingo dute goizean eta ekitaldi nagusia 11:30ean izango da, Elizako plazan. Ondoren, Bas'hitza eta Irrintzina eta larrain dantzak eta jauziak izango dira. Haurrentzako puzgarriez, txarangaz, pailazoez, zirkoaz eta bertso saio musikatuaz gain, hainbat kontzertu izango dira, tartean Bilabal, Kaskezur, Bele, EZEZEZ taldeenak.