Astebururako hiru plan proposamen
1. Abadiño, San Blas jaiak
Gaur hasiko dira Abadiñon jaiak eta umeentzako diskofesta, ikus-entzunezko emanaldia eta bertso afaria egingo dute. Bihar, berriz, elkartasun bazkariaz gain, hainbat kontzertu antolatu dituzte: Txalainak, Dj Patry, Kuku & Kene, Kaparrak eta Very Txarrak. Igandean Walas magoaren ikuskizuna izango da eta astelehenean, San Blas egunean, azoka izango da protagonista. Ganadua, baserriko tresnak eta makinak, ortuariak, frutak, gaztaia, txakolina, ogia, eztia, artisautza eta landareak topatu ahalko dira bertan. Bertsolariak, herri kirolak, idi-probak eta musika ere izango da tartean.
2. Sokatira txapelketaren finala, Lesakan
Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketa jokatuko da bihar, otsailak 1, Lesakako udal pilotalekuan, 17:00etan. Emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko finalak izango dira. Emakumeen finalean Ibarra, Beti Gazte, Abadiño eta Badaiotz arituko dira. Gizonezkoenean, berriz, Ibarra, Beti Gazte, Abadiño, Zuraide A, Zuraide B eta Ñapurrak.
3. Aria eta Postal Kolekzionistak taldeen kontzertua, Hendaian
Hendaiako Borderline Fabrikan bi kontzertu antolatu dituzte gaurko, 20:30etik aurrera. Aria talde donostiarrak Marina Landa musikaria du buru. 2023an Urdin diskoa kaleratu zuten eta udaberrian lan berria argitaratzeko asmoa dute. Tolosako Postal Kolekzionistak taldeak, berriz, Iñigo Asensio du gidari. Ezusteko kantak: errinozerontea lan berria aurkezteko lehen kontzertua dute Hendaiakoa.