Astebururako hiru plan proposamen

Martxoaren hirugarren asteburuan zer egin pentsatzen ari bazara, hemen gomendio batzuk.

1. Gastroburger Lizarran, martxoan
Lizarrako hamabi ostalarik I. Hanburgesa Azoka antolatu dute martxorako. Hanburgesa denek prezio bera dute, 14,90 euro, eta produktuaren kalitatea ere zaintzen ari dira. 180 gramo inguruko hanburgesak dira, eta baten batek 250 gramo ere baditu. Honako ostalaritza lokal hauek ari dira parte hartzen: Batzoki Lizarra, Pigor, BiEnara, Florida, Izarra, Monjardin, Gavia El Puy, Xanti, Gavia Los Llanos, El Zarapatel Store, Yerri eta The Faculty Old Sport.

2. Kobazuloen Eguna, bihar eta etzi 
Lurpea elkarteak antolatutako XV. Euskal Herriko Kobazuloen Eguna izango da asteburuan. Arrikrutz-Oñati, Ekainberri, Isturitz-Oxozelhaya, Mendukilo, Pozalagua, Sara, Zugarramurdi eta Urdazubiko leizeak izango dira protagonista. %50eko deskontua egingo dute sarreretan, eta zozketak ere izango dira. Pozalaguan jardunaldi geologikoak eta film proiekzioak ere izango dira.

3.Madame Birrots eta Bidenabarren kontzertua, Baigorrin, gaur
Baigorriko Bixentenia elkartean bi kontzertu izango dira gaur, 20:00etatik aurrera, Haize Basu musika zikloaren barnean. Baztanen sortutako Madame Birrots taldea arituko da. Bederatzi kantuz osatutako diskoa argitaratu dute, zazpi eurek sortuak eta bi bertsio. Disko berriko kantuak aurkeztuko dituzte zuzeneko emanaldian. Bidenabar taldea ere arituko da.