Astebururako hiru plan proposamen

Astebururako hiru plan proposamen Astelehenetik aurrera oporrak izan ala ez, asteburuaz majo goza dezakezu plan hauekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/astebururako-hiru-plan-proposamen-6/@@download/image/479183229_635580638868422_4630506601989473912_n.jpg
2025/04/11

Testua: Maitane Legarreta

Astelehenetik aurrera oporrak izan ala ez, asteburuaz majo goza dezakezu plan hauekin.
Astebururako hiru plan proposamen

1. Bekat'Uros Eguna, Atharratzen
Atharratzeko Prefosta elkartea eta Altxalili kolektiboak Bekat'uros festaren hirugarren edizioa ospatuko dute Atharratzen, bihar. Landa eremuko LGTBQIA+ kolektiboko pertsonei ikusgarritasuna ematea dute helburu. Egitarau betea prestatu dute: aperitifa, bertso bingo bazkaria, eta harrotasunaren ibilaldia karriketan. Ondoren, 19:00etatik aurrera, emanaldiak izango dira: Amorru Pneumatikoa, Altxalili Show, Albina Stardust, Txartxaranga, Mairü, eta DJ Petra Komet.

2. Erramu Zapatua, Bergaran
Asteburu honetan izango da zer egin Bergaran. Hasteko, gaur, 22:00etatik aurrera, bertso saioa egingo dute Seminarioan. Bihar izango dute egun handia. Azoka irekiera egingo dute bederatzietan, eta gero sukaldaritza saioa, kalejira, sendabelarrekin botikina egiteko tailerra, joaldunak, euskal dantzen emanaldia, herri bazkaria eta zezentxoak izango dira. Eguna Aiko taldearen erromeriarekin borobilduko dute.

3. Akaleiaren kontzertua, Elizondon
Oihana Rodriguez zumaiarraren proiektua da Akaleia. Hainbat taldetan aritua da eta bakarkako ibilbideari ekin zion duela hiru bat urte. Ondoloin izeneko diskoa kaleratu zuen 2023an, eta geroztik beste kantu batzuk ere argitaratu ditu, tartean Malkoen frekuentzia eta Edozerez. Elizondoko Txokoto tabernan joko du igandean, doainik, 19:30etik aurrera.