Astebururako hiru plan proposamen

Ez al dakizu zer egin datozen egunetan? Bada, hemen gomendio batzuk!

1. Gartxot Eguna
Bihar eta etzi Gartxot Eguna ospatuko dute Itzaltzun (Nafarroa). Euskal kultura eta hizkuntza auzolanaren bidez bultzatzea du helburu ekimenak. Egitarauaren barruan denetarik izango da bihar: joaldunak, kilikiak, bazkari herrikoia, bertsoak Jon Maia eta Julio Sotorekin, eta kontzerturik ere ez da faltako: Gathübi, Ezekiel DJa eta Malakias. Igandean, berriz, mendi irteera egingo dute Elkorretara eta baba jana egingo dute.

2. Benizze eta GZR Getarian
Beñat Goitia gasteiztarra Montauk taldean aritu zen eta bakarkako ibilbideari ekin zion gero. Musika elektronikoa eta bestelako generoak nahasten ditu, esaterako dance estiloa eta trapa. Bazatoz izan zen bere lehen singlea, azpiko bideoan entzun dezakezuena. Iaz disko berria kaleratu zuen eta bertako abestiez gozatu ahal izango da kontzertuan. Benizzez gain, GZR taldea ere arituko da.

3. Maskaradak Zalgizen
Dantza eta predikua uztartzen ditu Zuberoako maskaradak, eta bi talde aritzen dira: gorriak eta beltzak. Hiru zati izaten ditu: barrikaden haustea, ofizioak eta jolasak. Joan den igandean hasi zen Lakarrin, eta igande honetan Zalgizen izango dira. Guztira hamabi emanaldi izango dira martxoaren 30era bitarte. Hona hemen hurrengo hitzorduak: urtarrilaren 25ean, Larrainen; otsailaren 1ean, Altzürükün; otsailaren 9an, Ligin; otsailaren 15ean, Pagolan; otsailaren 23an, Atharratzen; martxoaren 1ean, Gamere Zihigan; martxoaren 9an, Idauze-Mendin; martxoaren 15ean, Barkoxen; martxoaren 23an, Urdi´ñarben; eta martxoaren 30ean, Altzainen.