Atom Rhumba: Beti lehertzear gaude"
Sei diskoren ondoren, Atom Rhumba bere onenera iritsi da; batez ere Amateur Universes (Oihuka) azken lanari esker. Dudarik gabe, Europako rock and roll banda interesgarrienetarikoa da gaur egun. Atom Rhumbaren arrakastaren arrazoi nagusietako bat kontzertu asko eskaintzea dela dio Rober! taldeko abeslari, gitarra jotzaile eta idazle nagusiak.
Amateur Universes azken diskoak egina du bide apur bat. Nolako balorazioa egin duzue orain artekoaz?
Denok bat gatoz gure lanik onena dela esaterakoan. Badakit erantzun horrek nazka ematen duela, baina zintzoa da, ziur egon zaitezte, eta egia esan, oso zaila da seiok zerbaitean ados egotea.
Kontzertu ugari eman duzue disko horretako kantak aurkezteko. Nola funtzionatzen dute zuzenean?
Oso ondo; zuzenean jotzeko aproposak dira, trostariak, eta groove asko daukate. Ikaragarri ondo funtzionatzen dute; agian, berehalakoagoak dira.
Horrenbeste urte pasatu eta gero, ez duzu, zuzenekoetan, hasierako bat-batekotasunaren eta amateurismoaren falta nabaritzen?
Badakit zer esan nahi duzun. Rock and roll askea, kaotikoa... gustuko dut, eta horretatik zer edo zer galdu dugu. Kide berriak beste tradizio batzuetatik datoz, eta ez da erraza espiritu horren parte-hartzaile bilakatzea. Gainera, kasik ez dugu entseatzen, eta zaila da, beraz, erokeria berriak probatzea. Dena dela, kide berriek sendotasuna eta eskarmentua ekarri dute. Eta hasierako urteetan gauzaezinak ziren ideiak proposatzeko aukera daukat nik gaur egun.
Kontzerturik onenak ematen ari garela uste dut, eta zuzenean inoiz baino erosoago sentitzen ari naiz; badakit haiekin fida naitekeela. Dena aztertuta, balantza oraingo taldearen aldekoa da erabat.
Kaki Arkarazok, bai estudioan bai kontzertuetan, teknikari jarduteak badu zerikusirik emaitzan?
Kaki oinarrizkoa izan da azken diskoetako ideiak bide onetik eramateko. Harekin lanean oso eroso sentitu naiz, sintonia handia izan dugu. Zoritxarrez, orain ez da kontzertuetako ohiko teknikaria, lantzean behin baino ez baita etortzen. Ulergarria da: oso lanpetuta dabil estudioan,eta gu astebururo jotzen ari gara.
Kaki bandako kidea dela esan daiteke?
Ez nuke horrenbeste esango, baina funtsezkoa da. Asko maite dut.
Aldaketa ugari izan da Atom Rhumban. Zure ustez, oraingoa talderik egonkorrena da?
Ez dut uste egonkor adjektiboa banda hau definitzeko egokia denik. Izan ere, dena lehertzear dagoela ematen du beti; beti egoten da norbait haserre, soinu probetan lotsa ematen dugu Gogoan dut The Drones bandako abeslariak elkarrizketa batean esandakoa: furgonetako haserrealdiek adierazten dute talde batek zenbat kontzertu eskaintzen dituen. Hori egia bada, James Brown zenak utzitako postua bete dugu; Hardest workmen in show business (ikuskizunaren negozioko gizon langileenak) postua, alegia.
Zaila izan behar du seikote bat koordinatzeak, jakinda ez zaretela banda erabat profesionala, eta zuetariko asko beste egitasmo batzuetan ere ibiltzen zaretela. Esaterako, Iñigo piano jotzaileak Royal Canal proiektua du.
Ia denok proiektu paraleloak dauzkagu. Joe milioika istoriotan dabil; gaur egun, lau musika taldetan eta bi antzerki taldetan jotzen duela uste dut. Natxo Txuma Murugarrenekin eta antzeko musikariekin ibiltzen da, eta prest dago beste edozertan sartzeko. Alvaro, berdin. Eta neu ere urtero saiatzen naiz Atom Rhumbatik kanpora zer edo zer egiten. Honelako talde bat aurrera eramateak, beraz, musikaz haratagoko lan handia eskatzen du; kudeaketaren eta koordinazioaren arloan, gehienbat. Asko kostatzen zaigu elkartzea, kontzertuetan ez bada, eta entseguak, adibidez, hiru hilean behin egiten ditugu.
Beti esan izan duzu Atom Rhumba zeure egitasmoa dela. Zein ekarpen egiten dute gainerako kideek?
Kantak neuk idazten ditut, eta neuk hartzen ditut azken erabakiak. Hala ere, denek esku hartzen dutela pentsatu nahi dut; haiek hor izanda, beste emaitza bat dugula alegia. Alvaro moldakorra da; Natxok balaztarena egiten du, beharrezkoa izaten baita, batzuetan, nire ideia eroenak gelditzeko; Jabik bere praka arrosak eta bere nortasun ezegonkorra jartzen ditu; Joe bandako musikaririk onena da ezbairik gabe, eta Iñigok nire izaerarekin bat datorren ibilbidea eta ikuspegia jartzen du mahaigainean.
Taldeko konpositore nagusia zaren heinean, zer moduz zabiltza gaur egun?
Abestiak sortzeko hamaika ideia dauzkat; errepika, estrofa edo lerro erritmikoak izan daitezkeen zatiak... Beti ibiltzen naiz kanta berrietan pentsatzen, beti izaten dut ideiaren bat buruan: adi egon behar da. Datorren urteari begira, geldialdia egin nahi nuke: azken kontzertua Bilboko Kafe Antzokian emango dugu, abenduaren 29an, zuzeneko horretarako propio eginiko talde berezi batekin. Atsedena eta gogoeta egiteko beta behar dugula uste dut, eta aurretik esan dizkizudan zirriborroak zehazteko aprobetxatuko dut tartea.
Atom Rhumba desegiteko eta beste proiektu bati heltzeko gogoa izan duzu inoiz?
Bai. Lehen esan dizut talde hau gidatzea lan gogorra dela. Jada ez naiz haur mokoa, eta ardura berriak ere sortu dira: eguneroko lana, familia... Egunak minutuz-minutu programatzen ditut. Eta egia esan, batzuetan, zerbait arinagoa martxan jartzeko gogoa izaten dut.
Lehen esana duzu: zu ere batetik bestera zabiltza. Joan den urteko abenduan, Damo Suzukirekin agertu zinen Bilboko Guggenheim Museoan; izan ere, hainbat musikariren laguntzarekin egindako proiektu hura zeuk koordinatu zenuen. Eta oraintsu, Velvet Underground bandaren omenezko disko batean esku hartuko duzu.
Beti ibiltzen naiz ideia berriak planteatzen, eta prest egoten naiz beti beste jende batekin egitasmoak abiatzeko; zirraragarria da, eta ikasteko primerako aitzakia. Zoritxarrez, denbora falta izaten dut dena egiteko.
Australiako bandek eragin handia izan dute zuregan: Scientists, The Beasts of Bourbon.... Baita 50eko hamarkadako rock and rollak ere: The Cramps banda... Gallon Drunk Ingalaterrako rock bandak ere eragina izan omen du Atom Rhumban, ezta? Oro har, rock undergrouda gogoko duzula dirudi.
Tira, garai guztietako nire talde kutuna The Beatles da. Eta James Brown, Rolling Stones, Dr John edota bluesaren eraginak nabarmenak dira. Eragin guztiak ez dira horren lur azpikoak
Atom Rhumbaren publikoa asko zabaldu omen da. Zergatik?
Nire ustez, horrenbeste kontzertu egitea funtsezko faktorea da. Pixkanaka-pixkanaka jende gehiagorengana iristea lortu dugu; burugogorkeria eta seta kontua da, ez dago trukurik. Izan ere, hedabideen babesa ez dago, ez bada espezializatutako prentsarena.
Zuen kasua 90eko hamarkadako Los Bichos bandarekin aldera daiteke: rock and roll undegrounda jotzen duzue, ingelesez kantatu ohi duzue, baina hala ere, Oihukarekin grabatzen duzue. Hau da, historikoki, Rock Radical Vasco etiketan sartutako taldeekin, euskaraz egindako musikarekin lan egindako diskoetxe batekin.
Egia da Los Bichosek eta guk ez dugula oso ondo bat egiten Oihukaren katalogoa osatzen duten gainerako taldeekin. Dena dela, gauza bera gertatuko litzaiguke bioi inguru honetako zigiluen %90arekin. Bestalde, bitxia da; Los Bichos taldeak guk baino askoz disko gehiago saltzen zuen, baina haiek eskainitako kontzertuko guk 20 egiten ditugu.
Amaitzeko, nola aldatu da Euskal Herriko musikagintza azken boladan?
Zaila da galdera horri erantzutea. Nire ustez, gaur egun aurreko hamarkadetan baino proposamen konplexuagoak eta interesgarriagoak dituzten banda eta artistak daude; batez ere, euskaraz egindako musikaren esparruan, estilo sorta nabarmen zabaldu baita. Bestalde, disko salmenten beherakadak ere eragina izan du Euskal Herrian; zigilu asko egokitu beharrean daude, eta etorkizunari buruz zalantza handiak dituzte. Oso tristea da, adibidez, Metak zigilua desagertu izana. Beste batzuek haien kabuz argitaratzeari ekin diote; Bidehuts zigiluak, esaterako. Ziur naiz Bidehuts funtsezko erreferentzia bilakatuko dela Euskal Herriko panoraman. Autoprodukzioaren aukera horrek nagia eragiten didala esan behar dut, hala ere. Finean, inor ez da honetan sartu aberasteko asmoz, ezta?