Atsedenik gabe korrika
Zer da Korrika? AEKk bi urtean behin antolatu ohi duen lasterketa. Kontzertuak, kultur ekitaldiak, jaialdiak, parrandak... Bai, Korrikaren kontura parranda ederrak egin daitezke, ezta? Baina, zer da Korrika? Euskara bizirik nahi dugula lau haizeetara aldarrikatzeko aukera.
Euskara albiste txar ugari jasotzen ari da azken boladan. Dena den, jipoiak jipoi, euskara aurrera doa, Euskal Herriak hala nahi duelako. Korrika da nahi horren adierazle. Duela bi urte 600.000tik gora lagunek parte hartu zuten. Aurten orduko kopurua gainditu nahi du AEKk.
Aurtengo Korrikaren leloa "Mundu bat euskarara bildu" da. Korrikaren antolaketa lanetan dabilen Maider Beistegik adierazi digunez, leloak bi esanahi ditu. "Batetik, mundu bat, hau da, jende asko euskarara bildu nahi dugu. Bestetik, globalizazio garai honetan, hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko apostua egin nahi dugu. Ez gaude kolore bakarraren alde. Hau da, globalizazioaren alde gaude, kulturek elkarri eragin diezaioten nahi baitugu, baina uniformizazioaren aurka".
Bestalde, Korrikaren hamabigarren aldia izango da honako hau eta beti bezala, omenaldia egingo da. "Euskal Herriko Bertsozale Elkartea omenduko dugu. Izan ere, aurtengo leloaren ildotik, bertsolaritzak XX. eta XXI. mendeetara egokitzen jakin du, sustraiei uko egin gabe", dio Maiderrek.
Jakina denez, Korrikan kilometroak erosi egiten dira. Aurten bildutako dirua AEKk Nafarroan eta Iparraldean dituen euskaltegiak indartzeko bideratuko da. Tartean, Baionan euskaltegia eta egoitza zabaltzeko proiektua nabarmendu du Maiderrek. Beraz, badakizue, datozen asteak euskararen aldeko aldarrikapenari lotuta etorriko dira. Martxoaren 29tik apirilaren 8ra bitartean, petoa jantzi eta atera kalera korrika! Ahaztu gabe aurretik Korrika kultura izango dugula...