Aukeratu beharraz nazkatuta? Adi Netflixen aukera berriari

Telesail eta film plataformek mundu bat ireki digute, ehunka aukera posiblerekin; baina askotan, katalogo amaigabe horretan galtzen gara, ordu erdiz zer ikusiko dugun ezin aukeratuta. Etengabe dudatan ibili ohi direnentzat kanal berria sortu du Netflix plataformak; telebista tradizionala bezalakoa da, eta beraz, ez dago aukerarik, unean dagoena ikusteko aukera dugu soilik. Akabo dudak!
Variety aldizkarian aurreratu dutenez, 24 orduz etengabeko edukia ematen duen telebista kanala jarriko dute martxan. Netflix Direct izena du, eta dagoeneko Frantzian probatu dute. Aukera berri honekin, Netlflixek espero ez zuen arazoari aurre egitea espero du, hau da, jendearen aukeratzeko zailtasunei.
Guztioi gertatu zaigu; aukera amaigabeko parrilaren aurrean jarri eta telebistaren mandoko gezitxoei etengabe aurrera eta atzera ematen ibiltzea, bat-batean gustuko dugun edukiren bat agertuko delakoan. Azkenik, telebista tradizionalera bueltatu izan gara behin baino gehiagotan, soilik aukeratzeko behar hori ekiditeko.
Hain zuzen, Netflix Direct kanalak hori ekidin nahi du; telebista tradizionalera itzultzea. Horretarako, bere telebista kanalak abantaila bat eskaintzen du; ez du iragarkirik. Oraingoz, soilik Frantzian izango da ikusgai, eta baita Netflixen online bertsioan, baina ez mugikor eta telebistetan. Arrakasta badu, baliteke laster plataformak iragarkirik gabeko telebista ikusteko aukera eskaintzea.