Aurten, Mariah Carey-ren Gabon kantak entzun beharrean, Izaro entzun dezakezu!
Kontzertu bana emango du abenduaren 22an eta 23an Donostiako Kursaalean.
Izaro kantariak Gabonetako kantuen diskoa aurkeztu du: Izaro Gabonetan. Musikariak adierazi duenez, Gabonen inguruko kontzertu handi bat eta bilduma berezia egiteko gogoa izan du betidanik. Hasiera batean bertsioak egiteko asmoa bazuen ere, abesti propioak egitea erabaki zuen azkenean.
Zortzi abestiz osatutako diskoa da eta Gabonetako elementuak ageri dira. Gure Gabon gaua izeneko kantua da diskoko lehena, eta bertan taldekide eta lagunekin pasatako une ederrak irudikatu ditu.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan ditu bidelagun Olentzero abestian. Izarok azaldu duenez, euren emanaldi batean neska bat kantuan ikusi zuenean berak ere abeslari izan nahi zuela pentsatu zuen, eta eurekin kolaborazioa egitea zen bere ametsetako bat.
Gainerako kantuetan falta direnak eta Gabonak gorroto dituztenak izango ditu gogoan besteak beste, eta urte berria opatzeko abesti bat ere bada.
Bi kontzertu Kursaalean
Izarok bi kontzertu soilik eskainiko ditu Gabonetako diskoa aurkezteko, bata abenduaren 22an eta bestea 23an, Donostiako Kursaalen. Oholtza gainean mahai bat irudikatuko dute, eta bandako kideek ere bertan abestuko dute. Sarrera gutxi batzuk geratzen dira oraindik.