Azken kontzertua, eta estudiora
Birako azken kontzertua abuztuaren 15ean Mallabian emango duela iragarri du Izarok
Om diskoa kaleratu zuen 2016an, estreinakoa Izaro Andres mallabitarrarentzat. Paradise moduko abestiekin eta bere ahots nahiz kantakera bereziarekin publikoa poltsikoan sartzea lortu du denbora tarte laburrean.
Orain, baina, urtebetez han-hemen bere lehen lana kontzertuz kontzertu aurkezten ibili ostean, tarte batez taulatik jaisteko garaia heldu zaio bizkaitarrari. Birako azken kontzertua bere sorterrian, Mallabian, emango duela iragarri du; abuztuaren 15ean izango da eta, ondoren, beharrezko denbora hartuko du proiektu berri bat mamituko duten kantuak sortzeko eta grabatzeko.
Bizkor egin du arrakastaren eskaileran gora Izaro Andresek. Hogeita lau urte bete gabe eta jada pisuzko musikariekin aritu baita taula gainean: besteak beste, Iker Lauroba, Oriol Flores eta Julen Barandiaran izan ditu bidelagun. Sentikortasun handiko abestiak dira bereak, intimoak.