Azpeitiko sormen egonaldietan parte hartzeko deialdia zabaldu dute

Azpeitiko sormen egonaldietan parte hartzeko deialdia zabaldu dute Sortzaileei zuzendutako hiru egonaldi mota daude, eta irailetik abendura izango dira. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azpeitiko-sormen-egonaldietan-parte-hartzeko-deialdia-zabaldu-dute/@@download/image/sormen egonaldiak.jpg
2024/06/21
Sortzaileei zuzendutako hiru egonaldi mota daude, eta irailetik abendura izango dira. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena.
Azpeitiko sormen egonaldietan parte hartzeko deialdia zabaldu dute

Azpeitiko Kulturaz Kooperatibatik sormen egonaldiak antolatzen ari da azken urteotan, arte-disziplina ezberdinetan lanean dabiltzan artistei esku artean dituzten proiektuak garatzeko aterpea, babesa eta bitartekoak eskaintzeko asmoz.

Aurten ere bi deialdi antolatu dituzte, eta bigarrengoan izena emateko aukera zabalik da. Dinamoa sormen gunean edota Soreasu antzokian sormen egonaldi bat gauzatzeko aukera izango da.
 
Hiru egonaldi mota daude: #harri (osoa), #orri (sinplea) eta #ar (antzerkia). Lehena, sormen proiektu bat duen sortzaile orori irekia dagoen deialdia da. Edozein arte-diziplinatara irekia dago, bakarka zein kolektiboan, proiektua edozein fasetan dagoela ere. Egonaldia gutxienez 7 egunekoa eta gehienez 15ekoa izango da.

Bigarrenean, #orri izenekoan, zeinahi sormen diziplinatan eta prozesuaren edozein fasetan egonik ere, babesa eta bertako azpiegituren aukerak baliatu nahi dituzten sortzaileek har dezakete parte. Egonaldi malgua izango da, gutxienez 15 egunekoa eta gehienez 90ekoa.
 
 
Azkenik, #ar, euskarazko antzezlan bat lantzeko asmoa duen antzerkigile orori zuzendua dago, bakarka zein modu kolektiboan sormen prozesuaren edozein fasetan antzerki obra bat ontzen ari denari. Egonaldiaren iraupena gutxienez astebetekoa eta gehienez bi astekoa izango da.
 
Eskaerak egiteko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik eta egun batzuen buruan, hilaren 19an, emango dute ebazpena. Egonaldiak irailaren hasieratik abenduaren amaierara izango dira.
 
Hemen kontsulta daitezke xehetasun guztiak. Zalantzak argitzeko, dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzi edo 674 165 682 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.