Azukrea droga ote?

Azukrea droga ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azukrea-droga-ote/@@download/image/drogak_azukrea_1433327874.jpg
2015/06/11
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea @Ailaket
Azukrea droga ote?
Geroz eta ugariagoak dira azukrea droga dela baieztatzen duten iritziak; aitortu behar da baieztapen horrek baduela egiatik.

Azukreari buruz hausnartzen hasi aurretik, ondo dator droga zer den definitzea; droga hitzak, hainbat definizio ditu, eta ikerlari askok ez dituzte denak onartzen. Hori hala izanik, esan daiteke droga kontzeptuaren definiziorik onartuena Osasunaren Munduko Erakundeak emandakoa dela: "Droga organismo bizi batean edozein bidetik sartutako substantzia da, nerbio sistema zentralaren gainean eragin dezakeena, alterazio fisiko edo/eta psikologikoa edo sentipen berrien esperimentazioa sortuz. Hau da, pertsonaren izaera alda dezake eta kontsumitzaileengan dependentzia eta tolerantzia sortzeko gaitasuna du" (OME, 1994).

Definizo horri erreparatuz gero, azukreak drogaren ezaugarri batzuk dituela baieztatu genezake, nolabait. Hasteko, azukrea organismo bizi batean normalean ahoratuz barneratzen den substantzia da; nahiz eta beste bide batzuetatik ere sar daitekeen. Bestalde, aurrerago ikusiko dugunez, mediku batzuen esanetan, nerbio sistema zentralean eragin dezake azukreak, kasu batzuetan hiperaktibitatea sortzeraino –nahiz eta beste mediku batzuek eragin hori ukatzen duten–, eta azkenik, erabilera ezegokia eginda, dependentzia eta tolerantzia sor ditzake.

Azukrea elikagaien industrian
Puntu honetara helduta, komeni da azukreari buruz oinarrizko gauza batzuk azaltzea. Azukrea sakarosari esaten zaio; sakarosa glukosa eta fruktosa molekulez osatutako disakaridoa da, batez ere azukre-kanaberatik edo erremolatxatik eskuratzen dena. Hala ere, elikagaien industriaren alorrean ‘azukre’ hitza, oro har, zapore gozoa duten hainbat monosakarido eta disakarido izendatzeko erabiltzen da; gehienak karbohidratoak dira.

Bestetik, azukrea gure egungo gizartearen elikaduraren kaloria iturri garrantzitsua da, nahiz eta berez bitaminarik eta mineralik ez izan –are gehiago, elikagai industrializatu batzuetan azukre portzentaia %80ra hel daiteke–. Beraz, azukrea droga balitz, munduan gehien kontsumitutako droga litzateke. Atzetik lituzke kafeina eta teina, eta ostean letorzke alkohola eta tabakoa; guztiak legalak gurean. Eta ez hori bakarrik; esan genezake gehienok frogatzen dugun lehen droga dela, ziurrenik, txiki-txikitatik hainbat modutan kontsumitzen baitugu azukrea.

Gauzak horrela, ezinbestekoa da azukrearen erabilera arduratsua egitea, edozein drogarekin gertatzen den bezala badituelako bere arriskuak. Esate baterako, azukrearen gehiegizko kontsumoak tentsio sistolikoa eta presio arterial diastolikoa igotzen ditu, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukerak handituz. Bestalde, mediku batzuen esanetan, azukrearen gehiegizko erabilerak haurretan hiperaktibitatea bezalako arazoak sor ditzake, batez ere, haurretan –hainbat mediku ez dago ados baieztapen horrekin–. Hala ere, kasu batzuetan ukaezina da azukre kantitate handia hartzeak hainbat arazo eragin ditzakeela, hala nola, hortzetako txantxarrak, loditasuna –kaloria ugari hartzen diren kasuetan eta azukreak bitaminak eta mineralak dituzten bestelako elikagaiak ordezkatzen dituenean–, intsulinarekiko erresistentzia –diabetesari bide emanda–, eta abar.

Ondorioz, azukrea drogatzat hartzen badugu, beste substantzia psikoaktibo guztiekin gomendatzen den bezala, komeni da arriskuak murrizteko neurriak hartzea. Horretarako, gozamenen eta arriskuen kudeaketa egokia egin behar da: gehiegikeriak saihestu, azukrea jan ostean hortzak garbitu, kaloriak neurtu, bitaminak eta mineralak dituzten elikagaiak hartu edota medikuarenean azukrearen probak egin.