Ba al dakizu zer den 'situationship' egoera? Zu ere halako batean al zaude?

Ligatzeko aplikazioen, sare sozialen eta aukera aniztasunaren garaiotan, harreman askeagoen edo lotura arinagoen bila jotzen dugu sarri. Intimitatea, erakarpena eta kimika egon daiteke bi pertsonaren artean, elkarrekin geratu eta denbora pasa, baina bikotekide edo lagun izan gabe. Ondo definitu gabeko harremana da, arau eta konpromiso argirik gabekoa. Z belaunaldia situationship kontzeptua erabiltzen ari da halako harremanak izendatzeko garaian. 2024an egindako galdeketa baten arabera, Estatu Batuetako 18 eta 34 urte arteko gazteen erdia halako egoera batean egon da.
Egoera honen ezaugarri nagusietako bat beste pertsonaren harreman sozialetatik at egotea izaten da, hau da, haren familia edo lagunekin harremanik ez izatea. Horretaz gain, badira beste seinale batzuk ere: harremanaz ez hitz egitea, epe luzeko planei edo etorkizunari buruzko solasaldirik ez izatea, intimitate emozionala izatea baina konpromisorik gabe, etiketarik ez jartzea, harreman sexualak izatea baina elkar ezagutzeko asmorik gabe, agertu eta desagertzea, tarteka geratzea baina elkarren bizitzako une garrantzitsuetan ez egotea...
Harreman mota honetan egotea onuragarria izan daiteke batzuentzat, eta beste batzuentzat, berriz, denboraren poderioz, segurtasun falta, antsietatea edota autoestima baxua sor dezake.
Ondorioz, komenigarria da harreman batean zer nahi eta behar den aztertzea, eta beste pertsonarekin norbere sentimenduez, espektatibez eta beharrez hitz egitea. Horrekin batera, osasuntsua da mugak jartzea ere, zer onartuko duzun eta zer ez jakitea eta adieraztea.
Zure erabaki edo jarrerak zure beharrekin bat egiten saiatzea litzateke egokiena, zeure burua zaintzea eta ondo sentiarazten zaituzten gauzak egitea. Ingurukoengan babesa edo laguntza bilatzea ere ideia ona izan daiteke. Eta harremana aztertu eta kontu hauen inguruan hausnartu eta hitz egin ondoren, zure behar emozionalak asetzen ez badira, harremana etetea izan daiteke irtenbide onena.