Bad Bunny-ren 'Debí tirar mas fotos' diskoa: Puerto Ricori maitasun gutuna
![Bad Bunny-ren 'Debí tirar mas fotos' diskoa: Puerto Ricori maitasun gutuna Bad Bunny-ren 'Debí tirar mas fotos' diskoa: Puerto Ricori maitasun gutuna](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bad-bunny-ren-debi-tirar-mas-fotos-diskoa-puerto-ricori-maitasun-gutuna/@@images/d6ca7693-60e0-4ca0-81ce-45678f90f9b2.jpeg)
Bad Bunny-ren azken lana musika zerrenda guztietan sartu da eta Spotify-n bi mila miloi entzunaldi baino gehiago ditu. Haren musika da plataforma horretan gehien erreproduzitu dena azken hilabetean.
Bad Bunnyren bakarkako seigarren diskoak Debí tirar más fotos, edo DTmF laburduran, du izena. Artistak berak azaldu duenez, uneak eta pertsonak gehiago estimatzeko edo balioesteko mezua ematen du izenburuak.
Diskoak azal xumea eta, aldi berean, esanahi handikoa du. Robinson Florian-ek atetarako argazkian plastikozko bi aulki zuri agertzen dira, zelai batean, eta atzealdean bananondoa. Puerto Ricoko jendeari ezaguna egingo zaion irudia da, uhartea gogoraraziko diena, bertan bizi izan ala ez. Kontrazalean, berriz, abestien zerrendaz gain, "Puerto Ricotik munduarentzat" eta "Puerto Rico: hemen jarraitzen dugu" ageri da Mosh Riverak diseinatutako zigiluetan.
Hain zuzen ere, Puerto Rico entzuten da disko honetan. Bad Bunny-k berak adierazi duenez, Estatu Batuetan egoteak bere herrialdeari kanpotik begiratzeko aukera eman dio eta, lehen ere estimatu arren, herrialdea bera, bertako jendea, eta bere ingurukoak are gehiago baloratzeko balio izan dio. Eta horixe da diskoan islatu duena, Puerto Ricorekiko maitasuna, harrotasuna eta bertako nortasunaren aldarria. Lan honen bidez, Puerto Rico gertu sentitzeko aukera izango du entzuleak.
Aurreko diskoetan ere Puerto Ricoko hizkera eta kultura presente egon dira, baina hemen bere sustraietan gehiago sakondu nahi izan du. Bertako erritmoak erabili ditu, tartean zaharrenetako bat, 'plena' deiturikoa, diskoaren izen bereko kantuan entzun daitekeena, eta baita 'bonba' ere. Genero herrikoiak dira, uharteak bizitako akulturazio prozesuen aurreko erresistentzia doinuak.
Musikariak doinu zaharrak modu eta estilo berriekin nahastu ditu. Hala azaldu du berak New York Times-en podcastean: "Zaharrentzako musika zela pentsatzen nuen umetan, baina hazterakoan hobeto ulertzen duzu eta balioa ematen diozu. Norberaren estilora egin daiteke, ez daukazu lehengo artistek egiten zutena egin beharrik. Sentimendu berri batekin egin dezakezu, hizkera berri batekin, dena berrituta. Ez dago araurik".
Gero eta globalizatuagoa eta homogeneagoa den mundu honetan, gero eta ohikoagoa da musikari gazteen artean erroetara jo, esploratu, jolastu eta kimu berriak sortzeko grina. Puerto Ricoko musikariak izan ditu bidelagun, eta bere helburua musikari gazteei aukera bat ematea izan da, erakusleiho bat sortzea eurentzat, eta bertako musika eta kultura ezagutaraztea.
Letretan betiko maitasun eta harreman sexu-afektiboekin lotutako kontuak daude, baina horrekin batera, analogiak egin ditu Puerto Ricorekin eta bertako gaiekin: gentrifikazioa, identitate galera, indar kolonialistak eta nortasuna mantentzeko etengabeko borroka. Lo que le paso a Hawaii kantuan ere, komunitateen lekualdatzeaz ari da eta baliabide naturalen pribatizazioaz, turismo masiboaren ondorioez.
La Mudanza abestian esaldi hauek aipatzen ditu: "Hemen jendea hil egin zuten bandera ateratzeagatik, horregatik nik nahi dudan lekura eramaten dut orain"; "Milioiduna, auzokoa izateari utzi gabe"; "Beti izan naiz Benito". Erroekiko eta herriarekiko aldarrikapenak daude etengabe.
Gainera, Youtuben kantuak entzuten badituzue, Puerto Ricoren inguruko hainbat informazio jaso dute bideoetan: bandera, gerrak, estatu libre elkartuaren sorrera eta nazionalismo kulturala, 1898ko inbasioa, kolonizazioa, jibaroak, gobernu militarra, emakumeen borroka, diaspora...
Diskoaren aurretik egin duen film laburra ere ikus ezazue. Gizon heldu bat da protagonista, bere sorlekua arrotz egiten zaiona, behin ezagutu zuen hura aurkitu ezinik. Bertako kultura mantentzearen aldeko manifestu ederra da.
Hau guztia kontuan izanik, lan honek dimentsio eta balio berezia du, erritmo dantzagarri eta letra itsaskorretatik harago. Puerto Ricori buruz gehiago jakin eta norbere hizkuntza eta kulturaren aldeko lanean jarraitzeko inspirazio iturria da.