Badator Urban Femme jaialdia
Emakume gutxi ikusten dira oholtzan oraindik; horri aurre egiteko asmoz jaio da Urban Femme jaialdia. Euskal Herritik urte osoan zehar mugituko da aurten, eta lehen kontzertua martxoaren 16an eskainiko dute, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Lehen lagin horretan, musika urbanoko emakumeak aukeratu dituzte; bertan izango dira La Basu, Anier, La Furia eta Audry Funk.
Bilbon sortua eta hezia, La Basu gisa ezaguna den Elena Caballero emakume aitzindari eta erreferente da EAEko musika urbanoaren industrian. Haren hitzetan, musikazale leiala da, eta hainbat musika genero atsegin ditu: rapa, soula, dancehalla, reggaea, R&Ba, rocka, punka eta flamenkoa ere bai. Harekin batera egongo da La Furia artista nafarra; Nerea Lorónek La Furia izena duela zortzi urte hautatu zuen, agertoki batera igotzea erabaki zuenean bere hitz borrokalariak abesteko. Rap feministako adierazgarri handienetako bat da; izan ere, tresna bat dela esaten du, gizartea eraldatu eta heteropatriarkatuarekin amaitzeko. Bartzelonatik dator Anier, 1998an jaiotako artista gaztea, hip hopean diharduena. Azkenik, Audry Funk artista mexikarrak hip hipoa darabil musikaren bitartez gazte baztertuen bizitzak hobetzen laguntzeko; besteak beste, Mala Rodriguez eta Violadores del Versorekin aritu da.