Baduzu, euskaraz kontsumitzeko aplikazioa
Baduzu, euskal kontsumitzaileen kluba aurkeztu dute Donostiako Zergatik dendan; Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko Rober Gutierrez zuzendariak eta Zergatikeko diseinatzaile Ianire Soraluzek aurkeztu dute aplikazioa.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu da www.baduzu.eus webgunea, euskal kontsumitzaileen kluba deitutakoa.
Baduzuren helburuak honakoak dira: euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea. Euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea. Bestetik, herritarrak sentsibilizatzea euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela; finean, euskara kontsumo irizpidedun edo kriteriodunaren ezaugarri dela.
Eta zer topatuko du kontsumitzaileak? Euskal Herriko 4.000 establezimendutik gora, beren euskara mailaren arabera sailkatuta. Bai Euskarari Ziurtagiria duten establezimendu guztiak bertan daude. Herritarrek establezimendu berriak ere gehitu ditzakete, baita daudenak baloratu ere. Direktorio horrez gain, foro bat dago ekarpenak egin eta kontsumitzaileak harremanetan jarri ahal izateko. Establezimenduak baloratu, berriak gehitu eta foroan parte hartu ahal izateko erregistratu egin behar da.
Baduzuren helburuak dira:
- Euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea. Euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea
- Herritarrak sentsibilizatzea euskara kalitatezko kontsumoaren ikur eta horretarako irizpide dela
www.baduzu.eus webguneak eskaintzen du:
- Euskal Herriko 4000 establezimendutik gora, beren euskara mailaren arabera sailkatuta. Bilaketak egiteko aukera ematen du hainbat irizpideren baitan. Geolokalizazioari esker, norberari gertuen dituenak azaltzen zaizkio lehenik.
- Erabiltzaileek establezimenduak baloratu eta berriak gehitzeko aukera.
- Foro bat ekarpenak egin eta kontsumitzaileak harremanetan jarri ahal izateko.
Kontsumitzaile irizpidedunentzat
www.baduzu.eus webgunea kontsumo eredu eta behar berriei erantzuteko tresna da.
Batetik, gure mundu globalizatu honetan geroz eta garrantzia handiagoa ematen diogulako bertakotasunari, gertukoari, artisaua denari, jasangarritasunari, kalitateari kantitateari baino, komunitateari. Bertakoa, gurea, zaindu nahi dugu gure kontsumo-ohiturekin ere; selektiboak, irizpidedunak gara. Eta bete-betean egiten du bat horrek hizkuntzarekin ere, euskararekin.
Bestetik, norbanakoek eta komunitateek eragin dutelako (eta eragiten ari direlako) kontsumo-ereduen aldaketa. Txiki askok norabide berean bultza eginez handian eragiteko aukerak egon badaudela geratu da agerian. Hori lortu nahi genuke hizkuntzarekin ere, besteak beste, Baduzuren bitartez.
Baduzu kontsumitzaile irizpidedunentzako tresna da.
Nola funtzionatzen du Baduzuk?
1) Erregistratu
Establezimenduak baloratu, berriak gehitu edo foroan parte hartu ahal izateko erregistratu egin behar da, izan emailarekin edo sare sozialen bitartez.
2) Establezimenduak baloratu
Baduzuko establezimenduak baloratu ahal izateko irizpideak honakoak dira:
Honakoak horretarako irizpide batzuk (info +):
- Lehen hitzetik euskaraz egitea (aurrez aurre, telefonoz).
- Jendaurreko langileetako zenbatek jarduten duen euskaraz.
- Hizkuntza-paisaian euskara lehenestea.
- Etiketak eta bilgarriak euskaraz ere egotea.
- Publizitatean elementu guztiak euskaraz egotea.
- Erabiltzaileei zuzendutako elementuak euskaraz egotea: menuak, fakturak, pantailak (display), tiketak, aurrekontuak, e.a.
- Megafonia-bidezko informazio guztiak euskaraz izatea.
- Interneteko presentzia euskaraz izatea.
Establezimenduak baloratzean, Akuilari app-aren bitartez establezimenduak zoriontzeko edo kexa bat jartzeko aukera izango duzu.