Bapeoa, tabakoa bezain kaltegarria

Bapeoa, tabakoa bezain kaltegarria Bapeoarekin lotutako sei heriotzek polemika piztu dute AEBetan, eta lehen debekuak ezarri dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bapeoa-tabakoa-bezain-kaltegarria/@@download/image/PRI_81363467.jpg
2019/09/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Bapeoarekin lotutako sei heriotzek polemika piztu dute AEBetan, eta lehen debekuak ezarri dituzte.
Bapeoa, tabakoa bezain kaltegarria

Tabakoaren mundua iraultzeko sortu zen bapeoa; erretzea geroz eta debekatuagoa dagoen garaietan, bapeoa alternatiba bihurtu da askorentzat. Gainera, tabakoa uzteko trantsiziorako bide moduan ere erabili dute erretzaile ohiek. Hain zuzen, orain arte bapeoa ez zela erretzea bezain kaltegarria uste izan da, baina errealitatea bestelakoa dela frogatu dute AEBetako kasu larrienek; hain zuzen, egun, Utah estatuan 28 lagun ospitalean daude, eta dagoeneko sei pertsona hil dira bapeoarekin intoxikaturik. Gainera, apiriletik hona dagoeneko 380 kasu erregistratu dira AEBetan, denak bapeoarekin zuzenean lotuta. 

Ez dago argi ze eragin duen bapeoak organismoan, baina Estatu Batuetan geroz eta gehiago dira erretzeko modu hau praktikatzeagatik ingresatutako pertsonak. Horren aurrean, New Yorken debekatu egin dute zaporetako gailuen salmenta. Dena den, kasu larrienen inguruan uste dute kontrolik pasa gabeko gailuak eskuratu zituztela.

Gaixoek jasandako sintomak honakoak dira: oka egitea, buruko mina eta arnasteko zailtasunak. Gaixotasun ezezagun honen aurrean medikuek ez dute argi nola jokatu, eta ohartarazi dute ez erosteko homologatu gabeko kargarik. Hain zuzen, artikulu batean Harvard unibertsitateko doktore T. H. Chanek adierazi duenez, erabiltzaile askok ez dakite likidoek toxikoak diren osagaiak dituztela, eta elkarrekin nahastuta bereziki kaltegarriak suertatu daitezkeela uste dute. Oraindik ez dute ikertu zein den nahasketa horrek osasunean eragin dezakeena, baina aipatutako kasuek alarmak piztu dituzte.