BARRATIK KALERA, KALETIK SAKELAKORA
Uda betean gaude eta ziur jada herri bat baino gehiagotako jaietan parrandan egon zarela. Agian, herri horietakoren batean ‘Barratik Kalera’ proiektuko lagunak topatu dituzu, eta hala ez bada, ziur euren bideoengatik barre algararen bat edo beste egin duzula.
Tabernetako elkarrizketak sarera eraman nahi izan dituzte Barratik Kalera proiektuarekin. Instagram eta TikTok-en aurkitu litezke kale-elkarrizketa umoretsuak. Parranda giroko galdera-erantzunek YouTubeko FortFast-en formatua oroitarazten badute ere, Elene Barrutia, Mikel Martinez, Lucia Meruelo eta Ane Tamayok osatzen duen proiektua, batez ere TikTokera zuzendua eta egokitua dago. Hastapenetan, eskukada bat bideo nahikoa izan zituzten milio bat ikustaldi pilatzeko. Horietako asko sarean bolo-bolo zabaldu dira eta telebista zein irratietan ere izan dute oihartzuna.
Bideo horietan euskal gazteak agertzen dira, parrandan, kantuan zein Barratik Kalerako lan taldeak botatzen dizkieten galderak erantzuten, batzuk ahal duten moduan. Hainbat gai jorratzen dituzte: munduarentzako mezu bat eskatzen diete parrandazaleei, bizitzako erabakirik txarrena deskribatzeko, zenbat pertsonarekin ligatu duten galdegiten diete edo abesti bat jarraitzeko erronka bota, beste gauza askoren artean. Giro ona sortuz sarera igotzeko eduki barregarriak bildumatzea da helburua. Segundotan edo minutu gutxitan laburbiltzen dituzte jai giroan sortzen diren egoera barregarriak, zein elkarrizketa bereziak, edonork TikTok eta Instagram bidez goza ditzan.
Proiektu berezi honen hastapenak inork gutxik uste gabekoak dira: “Klaseko lan bat zen, ikasgai batean egin beharreko proiektua”, esan digu laukoteak. “Arrakasta ikusita, jarraitzea erabaki genuen”.
Proiektuaren helburu nagusia ongi pasatzea dela azpimarratu nahi izan dute. Bestelako helburuak ere zehaztu dizkigute ordea: “Hutsune bat ikusten genuen sare sozialetan Euskal Herri mailan, eta egiten ditugun bideoekin gure aletxoa jartzen ari gara hutsune hori desager dadin”.
Zeregin honetan ez daude bakarrik. Sarean geroz eta euskarazko proiektu gehiago agertzen ari dira, eduki eta mota askotarikoak. Horien artean daude gazteei ahotsa ematea helburu duen Kabala podcasta (aipatu proiektuaren Instagramak berak ere jarratzaile eta bisita ugari jasotzen dituela), gure kolaboratzailea den Iruñe Astitz ere badabil @arkkuso izenez
"tontakeriak eta saltseoa sarera igotzen" Instagram, Twitter eta Twitch bidez. Umorea du ardatz TikTok-en 11.000 jarraitzaile inguru dituen @elemelons-ek ere. Euskara hutsezko bideo barregarri laburrak sortzen ditu eta Irabazi Arte telesailaren nondik norakoak aipatzen ditu, bere iritzia emanez. Julen Portillok ere umorea jorratzen du eta bere euskara hutsezko bideoak ikusteko irrikitan dauden 10.000 zale inguru batzea lortu du TikToken. Zerrenda luzatuz doa, zorionez. Alabaina, Barratik Kalera proiektuaren zifrak txundigarriak dira: TikToken 21.000 jarraitzaile inguru dituzte eta Instagramen 10.000tik gora… guztira 22.000 inguru! Sekulako errekorra da euskara hutsez sortutako edukiak direla kontuan hartuta.
Izandako arrakastari buruz galdegin diegu: “Ez genuen inondik inora espero. Zortea izan dugu kalean aurkitu dugun jendearekin, gauza barregarriak kontatu baitizkigute. Dena den, gure ustez, arrakasta honen zati handi bat euskarak du, gu iritsi arte ez zelako gure hizkuntzan horrelako eduki motarik sortzen”.
Hain da horrela, ezen hainbat bideo biral bihurtu diren. Bideo bat biral bihurtzeko formula, hala ere, ez dute oraindik oso argi: “Askotan, guretzat oso ona den bideoa igotzen dugu, ondo funtzionatuko duela pentsatu, eta jendeak ez du ikusten. Edo aurkakoa, guri grazia askorik egin ez, eta pila bat ikusten da. Maiz, agertzen den pertsonaren araberakoa da, gutxiago edo gehiago partekatzen delako”.
Irakasleek ez zuten izan laukote honek adinako federik parrandazaleengan. Irakasleren bat ez zela ondo aterako esatera ere iritsi omen zen, jendea ez zelakoan prest agertuko galderak erantzutera. Aldiz, oso bestelako jarrera aurkitu ohi dute, nahiz eta “hasieran orain baino gehiago animatzen zen jendea. Ezagunak izatearen desabantailetako bat”.
Hala ere, hastapenetatik hona anekdota ugari bildu dituzte, jairik jai ibilita ezin bestela: “Behin, Durangoko jaietan gaueko lauretan grabatzea erabaki genuen. Normalean grabatu ohi dugun ordua baino beranduago. Gu ere festa giroan ibiliak ginen grabatu aurretik eta tragoren batzuk edan genituen. Kamara hartu eta prestatzera joan ginenean, ez ginen kamara martxan jarri eta mikrofonoa konektatzeko gai ere. Normalean behar izaten duguna baino denbora gehiago behar izan genuen guztia abiarazteko. Hortik aurrera ez dugu grabatu aurretik edaten… ez dugu behintzat horrenbeste edaten”, esan dute txantxetan.
Algarak nagusitzen badira ere, une deserosoren bat edo beste bizi behar izan dute: “Elkarrizketatuek guri buruzko, batez ere neskekiko, iruzkin deserosoak egin izan dizkigute. Durangoko jaietan bi mutil iruzkin matxistak jaurtitzen hasi ziren, baina azkar moztu genituen”. Hala ere, azpimarratu nahi dute, salbuespena izan zela ordukoa, eta normalean giro ona aurkitzen dutela. Euren helburua eduki inklusiboa sortzea da, horregatik, inongo damurik gabe ezabatzen dituzte edizioan elkarrizketatuak, momenturen batean, egin ditzakeen lekuz kanpoko adierazpenak: “Argi dugu zein mezu transmititu nahi dugun, ez ditugu lekuz kanpoko iruzkinak onartzen”.
Proiektuak jaietan euskaldunok nolakoak garen aztertzeko beta ere eman die laukote gazteari: “Oro har alaiak eta oso dibertigarriak gara euskaldunak”. Topiko guztien aurka, “batzuk baita berritsuak ere, behin mikrofonoa hartuta ez dira isiltzen”.
Arrakasta eta oihartzuna eskuratu badituzte ere, baliabide falta nabarmena da, eta hori da aurrera jarraitzeko topatzen duten zailtasunik handiena: “Ikasleak gara azken finean. Gustatuko litzaiguke leku ezberdinetara eta gehiagotara heltzea, baina ezin dugu horrenbeste diru jarri proiektuan, momentuz, ez baitator bueltan”.
Bestalde, zailtasun bat baino, bideoak grabatzerakoan izaten duten beldur bat ere gehitu nahi izan dute: “Elkarrizketatuak edukirik ez ematea; berak jokorik ematen ez badu, oso zaila da bideo onak eta barregarriak sortzea”. Horregatik, galderak eta edukia aurretik prestatzen dituzte, elkarrizketatuari ahalik eta zukurik gehien ateratzeko asmoz. Taldekoek elkarrekin adosten dituzten galderak izan ohi dira eta grabatzera joan aurretik prestatzen dituzte, kontuan hartuta noiz eta nora doazen; “Eleneren esku uzten dugu prestatutako galderetatik zeintzuk egin eta zeintzuk ez”. Beste eduki sortzaileak behatuz ere inspiratu ohi dira edo momentuan ospetsuak diren joeretatik ideiak hartzen dituzte, euren erara moldatuz.
Ezinbestean galdetu diegu ea gai taburik ba al dagoen: “Jendea denetarik erantzuteko prest egoten da. Galderak jai giroan egiten direnez, ez dute lotsarik eta prestasuna erakusten dute”.
Euskara hutsean arituta arrakasta ukan dute, baina badakite ez direla salbuespena, eta ziur daude eskaintza hazten joango dela ezinbestean: “Beste kontu batzuk ere badaude; haien edukia beharbada ez da horren deigarria, serioagoa delako, baina hauek ere beharrezkoak dira. Etorkizunean euskaraz aritzen diren gero eta kontu gehiago egotea espero dugu”.
Uda honetan litekeena da herri eta hirietako jai batetan baino gehiagotan eurekin topo egitea. “Oraindik ez dakigu zein jaietara joango garen, baina ziur herri ugaritako jaietara hurbilduko garela”. Spoiler txiki bat ere aurreratu digute: “Bilboko Aste Nagusian zerbait berezia egin nahiko genuke”, nahiz eta oraindik ez duten ezer zehatzik finkatu.
Momentuz proiektua bide onetik doa eta argi dute hazten jarraitu nahi dutela zailtasunak zailtasun: “Askotan ez diogu gustatuko litzaigukeen denbora guztia eskaini, beste gauza batzuk egiteko beharra dugulako. Etorkizunera begira, ideia ugari ditugu buruan, nahiz eta askotan ezin ditugun aurrera atera baliabide urriak ditugulako”. Ea testu hau baliabideak dituen norbaitengana iristen den eta proiektu hau, zein bestelakoak, sustatu eta mantentzeko aukerak eskaintzen dizkien. Euskaraz bizi nahi badugu, sarean ere euskaraz aritzea behar-beharrezkoa baita!