Belako: "Siesta egiten dugun bakoitzean kontzertutzarra egiten dugu"

Belako: "Siesta egiten dugun bakoitzean kontzertutzarra egiten dugu" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/12/15
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Galder Izagirre
Belako: "Siesta egiten dugun bakoitzean kontzertutzarra egiten dugu"
‘Hamen’ disko berria kaleratuko du urtarrilaren 22an Belakok. Josu Ximun Billelabeitia (Mungia, 1991), Cris Lizarraga (Bilbo, 1992), Lander Zalakain (Tolosa, 1993) eta Lore Nekane Billelabeitia (Mungia, 1994) indarberrituta datoz euren uzta emankorrari eusteko. inoiz baino argiago daukate zer eta nola egin nahi duten: kantatzarrak.

Elkarrizketa egiteko Mungian lotu gara Belako taldeko kideekin Galder Izagirre eta biok. Mungian, bai, baina non? Josu Ximunek herrira heldu bezain pronto jakinarazteko eskatu digu. Eta halako batean, ezustean, topatu dugun lehenngo tabernan gara denok kafe, te, tortilla eta bizkotxo artean gosari elkarrizketan, barre algaraka eta askatasun osoz edozer konturen gainean galdetu eta erantzuten. Grabagailua martxan jartzearekin batera, Josuren eskutik lehenengo adar jotzea heldu da: "Kontuz diozuenarekin KGBa gure artean delako".

Tankerako beste hamaika etorri dira taldekide guztien partetik. Elkarrizketa amaitu eta Josu eta Loreren aitonaren lantegi zaharrera joan gara argazkiak egitera. Irudietan serio agertzeko tenorea da, Josuren mantrak gehiegi laguntzen ez badu ere: "Lagunok, jar ezazue Polonia inbaditzeko aurpegia". Polonia ez, hurrengo lerroetan Belako unibertsoa inbaditu eta gertutik ezagutzera goaz.

‘Hamen’ deituko da disko berria. Horrek zer esan nahi du, ‘hamen zauziela’?
Lander Zalakain: Bai, ez da elizako Amen. Kar, kar, kar!
Josu Ximun Billelabeitia: Berba anbiguoa da. Bageneukan Hamen deituko zen kanta bat, azkenean ez duguna horrela deitu. Abesti horrek badu ukitu eklesiastiko bat, ez berbetan, melodikoki baizik. Agur Jesusen ama kantaren influentzia du. Lore eta biok ez gaude bataiatuta, baina elizara hiletetara joan garen bakoitzean kanta hori entzun eta pentsatu dugu: kristoren Joy Division ukitua dauka! Abestitzarra da! –denak barrez-.

Zer dago ‘Hamen’?
J.X.B.: Abestitzarrak bakarrik! Singlez betetako diskoa da. Eurie diskoaren antzeko egitura izango du. Hainbat kanta erraz daude, hau da, kanta melodikoak eta koreableak. Badira ere kanta geldoak, elektronikoak, esperimentalak eta kañeroak. Hala ere, disko honetan Eurie diskoan baino kanta konplexuagoak daude, zuzenekoan agian jotzeko putada izango direnak.

Jendeak espero dezakeena kontutan hartuta, presiorik sentitu duzueJ.X.B.: Hasieran ez, baina kaleratze data gerturatu ahala… Azken finean nahi duguna egiten dugu eta hori egiten jarraitu nahi dugu. Baina, egia da, esperiementaziorako tartea ere hartu dugula eta jendeak hori nola hartuko duen zalantza dugu. Hala ere, hori ahaztu behar da, bestela zaila da benetakoa den zerbait egitea.

Programatzaileak zuen zain egon dira? Aurkezpen bira diskoa atera aurretik jakinarazi duzue, eta dagoeneko hogei data dituzue lotuta; bakarra Euskal Herrian.
L.Z.: Data gehiago egongo dira, Euskal Herrian ere bai. Kanpotik eskaera asko eduki ditugu, eta ateratzeko aukera ikusi dugu. Gure helburuen artean are kanporago joatea dago. Euskal Herritik kanpora, bai, baina Penintsulatik ateratzea ere gustatuko litzaiguke.

Zaleak geografikoki barreiatuta dituzue, baina adinari dagokionez ere aniztasuna handia da.
L.Z.:
Kontzertuetan asko berba egiten dugu horretaz; datorren jendearen batez besteko adina oso altua da, edo, behintzat, gu baino helduagoak dira.
J.X.B.: Bai, eta hori oso polita da. Konturatzen gara baita ere orain egiten ditugun lagunak 30 urtetik gorakoak direla. Ni baino hamar urte zaharragoak dira! Ez dakit ‘rollo’ berean gaudelako ote den. Eta gure herriko adinkideak ere ikusten ditugu kontzertuetan.

Lore Nekane Billelabeitia:
Bai, eta hori ‘laostia’ da. Zure herriko jendea zu ikustera joatea. Ezagutzen duzun jendea! Batzuetan jende hori faltan botatzen dugu.

Hausnartu al duzue zuen musikak zergatik erakartzen duen adin ezberdinetako jendea?
L.N.B.:
Guk jotzen duguna hil ez den musika da. Horregatik gazteek ere apreziatzen dute.
J.X.B.: Guri gustatzen zaigu gazteek gure musika apreziatzea. Gazteek ez dute esaten: "horren gazteak izateko zelako musika egiten duzuen!". Hori da noizbait esan izana bezala: "neska izateko zeinen ondo jotzen duzun bateria". Aizu, ba ez, bateria jotzen dut eta kitto. Bada, honekin berdina da: musika ondo egiten dugu eta ez da besterik, ez da gazteak izan arren egiten dugun zerbait. "Gogora ekartzen dizkidazue ez-dakit-noren aurreneko lanak", ere esan izan digute. Bai zera! Gu gu gara eta listo.



Kolaborazio berezirik izan duzue disko berrian?
L.N.B.:
Jimmy Page! –denak barrez-. Kanta batetan Mungiako hainbat lagunek koroetan kolaboratu dute.
J.X.B.: Diskoa hemen bertan grabatu dugu, James Morganekin, MusicBox estudioan.

Badaukazue musika beste esparru batzuetara hedatzeko gogorik?
J.X.B.:
Bai, adibidez, azaroan Bilboko Zinebi jaialdiarekin kolaboratu genuen, Zinergentziak izeneko sailean. Zelako izena hartu dugu horretarako: Zinema eta Belako. Esan genezake gure aita ibili dela hori bideratzen. Ezohiko zuzenekoa egin dugu, kantak eta bazterreko zinemako remake batzuk egin ditugu.
L.N.B.: Aktoretzarrak gara! Kar, kar, kar!

Kantatzarrak, aktoretzarrak...
Cris Lizarraga: Aktoretzarrak izatearena ironia da, e? Argi geratu dadila.
J.X.B.: Gaur egungo egoerarekin lotura duten pelikulen remake-ak egiten saiatu gara. Adibidez, La battaglia di Argeli (Gillo Pontecorvo, 1956) grabatu genuen, edo Jim Jarmuschen Stranger than Paradise (1984) pelikularen parodia egin dugu. Oro har, loturak bilatu ditugu. Zuzenean filmak proiektatu genituen, eta dantzari batek euskal dantzak uztartu zituen gure musikarekin.

2013an, Durangon, Plateruenako Kantuaren kantoian, irudia eta musika uztartzeko gogoa zenutela aipatu zenuten. Non geratu da hori?
L.Z.:
Durangon esan genuenean, uste dut, intentzioa EPetako batekin egitea zela.
J.X.B.: Bai. Zuk esan zenuen!
L.Z.: Agian ez nik bakarrik, e? Grabatuta dago hori! –denak barrez-.
J.X.B.: Egun horretan komentatu nion zer edo zer Landerri, emozionatu egin zen eta publikoki esan zuen. Crisek eta biok Arte ederrak ikasi ditugu, eta aita bertako irakasle dugu. Horregatik gauza horiek gustu apur batekin egin nahiko genituzke, ez ditugu edozelako bideoklipak egin nahi. Ondorioz, ez dugu alor horretan oraindik gauza handirik egin, txarto edo normal egiteko nahiago dugu ezer ez egin.

Nolakoa izan da sortze prozesua? Mantentzen al dituzue betiko ohiturak?
J.X.B.:
Bai. Nik musika lantzen dut gehienbat, ideia orokorrak. Crisek melodiak egiten ditu. Disko hau egin bitartean, adibidez, Cris Madrilen egon da ikasketak egiten, eta nik baxu eta bateria elektronikoarekin ordenagailuz egindako baseak bidaltzen nizkion, kantak formatu elektronikoan. Crisek mugikorrarekin grabatzen zuen melodia eta guri bueltan bidali. Ondoren, interesgarria zen zerbait topatzen genuenean, lokalean sartu eta hori guztia instrumentu organikoetara pasatzen genuen. Kanten berbak Crisek eta biok egin ditugu. Ez da berez formula bat, baina horrela suertatu da.
C.L.: Bai, azken diskoa egiteko lan prozesua horrelakoa izan da egoerak baldintzatuta. Etorkizunean egingo ditugun lanetan baliteke beste modu batera izatea, eta emaitza erabat bestelakoa izatea prozesua bestelakoa delako.

Cris Madrilen egoteak suposatzen duen distantziaz aparte, zuek ere sorkuntza prozesuan bilatu duzue bestelako distantzia bat, ezta?
L.N.B.: Abuztuan Urrotzera joan ginen, mendi puntan dagoen etxetxo batera laurok bakarrik egotera. Diskoa estudioan grabatu aurretik bertan jo eta grabatu genuen. Urrotzetik bueltatu eta estudioan sartu aurretik bi aste izan genituen grabailuarekin hartutakoak behin eta berriz entzuteko. Grabazio horietan zeuden gauza batzuk diskoan geratu dira, gida moduan erabili ditugu. Eta kanta bateko ahotsetako bat, adibidez, grabazio horretakoa da, baita baxuren bat ere.

Desmitifikatu al duzue aitonaren lokaleko soinu hori? Behin baino gehiagotan esan duzue zuen benetako soinua lokal horretan lortzen duzuena dela.
C.L.: Galdera interesantea!
J.X.B.: Kontua da jada ez dugula han entsegurik egiten. Bueltatzeko gogoa daukagu, ezta?
L.N.B.: Argirik ez dago eta instalazioa egin behar dugu.
J.X.B.: Hasierako soinua hangoa da, eta asko gustatzen zaigu. Eurie diskoan ez genuen erabat lortu, eta orain erosoago gaude. Estudioa hobeto dominatzen dugu eta nahi dugun hori lortzeko gai gara.

Azken bi EPak ateratzeko zuen zigilua sortu zenuten. Haustura momentua izan zen, egin nahi zenutena egin nahi zenuten bezala egiten jarraitzeko moduaren bila. Sorpresa hartu dut ‘Hamen’ diskoan Mushroom Pillow zigiluaren marka ikustean.
L.N.B.: Mushroom Pillow eta Belako Recordsek erdibana lan egiteko akordioa egin dugu.
L.Z.: Belako Recordsek ez dauka egiturarik, gu gara, eta kanten eskubideak guk edukitzeko eta horien inguruko erabakiak gure gain egoteko sortuta dago. EPekin bestelakoa izan zen egoera, baina orain ikusi dugu disko batekin laguntza behar dugula, adibidez, kanpora jotzeko. Hau da, euren egitura behar dugu promozioa eta banaketa (digitala barne) egiteko. Baina Belako Recordsekin eskubideak mantentzen ditugu. Formula berria da.

Ziguluen eskaintza asko izan dituzue, ezta?
L.Z.:
Bai, asko.



Nola erabaki duzue norekin lan egin?
L.Z.:
Formula argi geneukan, beraz, behin erabakita laguntza behar genuela, proposamenak aztertzen hasi ginen. Mushroom Pillowrena ona iruditu zitzaigun, edo, behintzat, akordio batera heltzeko modukoa.

Kontzertuak lotzeko orain laguntza duzue, eta diskoa atera aurretik data mordoa lotu dituzue. Nola lortzen da hori?
L.Z.:
Gure managerrak, Ginmusikako Sergio Cruzadok, lan handia egiten du mugi gaitezen. Hala ere, berak ere esaten du ez dela hain zaila, eskaintza pila bat eduki ditugulako, eta askotan ezetz esan eta aukeraketa egin behar izaten dugu. Ahal dugun moduan egiten dugu aukeraketa, eta horrela lotu ditugu lehen hogei datak. Ondoren gehiago etorriko dira.

Nola daramazue batetik bestera furgonetan orduak sartzearena?
L.N.B.:
Furgonetan set list zoro asko sortzen dira!
J.X.B.: Mungiatik Benicassimera bagoaz, adibidez, heldutakoan oraindik zer kanta joko ditugun erabaki gabe izan dezakegu: "50 minutu ditugula esan digute!", "Ba eskatu 55!".
L.N.B.: Potoloena botatzen duenak irabazten du beti. Normalean nik eta Landerrek gauza bat egin nahi izaten dugu eta Crisek eta Josuk beste zerbait.
J.X.B.: Saxofonista bat gehitu beharko dugu desenpatea egiteko!

Kanpotik ikusita, Belako asko hazi dela ematen du. Barrutik ere hori uste duzue?
L.Z.: Bai, baina hala ere gure jarrera berdina da.
L.N.B.: Normalean kontzertuak asteburuetan izaten dira; ostiraletan eta larunbatetan. Ondorioz, ni adibidez, ostegun eta ostiral askotan ezin naiz klasera joan, baina maisuekin eta andereñoekin berba eginda akordio batera heldu daiteke. Beti ez da erraza izaten. Hori bideratu eta azterketa garaian kontzerturik ez egin, eta listo. Jende asko ez doa klasera lan egin behar duelako; kontzertua izatea ezberdina da-edo?

Musikarekin harremantzen diren ikasleak ez dira kontutan hartzen unibertsitatean?
L.N.B.:
Unibertsitatean badago jendea futbolean edo beste kiroletan aritzen dena, talde batean, demagun Futbol Club Mungian. Entrenamentuak dituzte astean birritan eta asteburutan partidua jokatzen dute. Horiei unibertsitatean kredituak ematen dizkiete. Niri ez, eta nik ordu gehiago ditut okupatuta Belakorekin. Baina musikagatik edo artistikoa den zerbaitengatik ez dute krediturik ematen. Kirolari, aldiz, denak. Txarto ikusten dut hori.

Lana, ardurak… zuek musikaz bizi nahi duzue?
L.N.B.: Nahi bai, baina ezin.
J.X.B.: Badirudi diruz lepo egon behar dugula, baina ez! Dena den, orain ez dugu dirurik galtzen; kontua irabazten hastea da. Eta gu horrela baldin bagaude…

Talde berriei zenbat kostatu behar zaien, ezta?
J.X.B.:
Hori da. Talde oso on piloa dago Euskal Herrian. Gainera, ez dakit hizkuntzak zergatik mugatzen duen hainbeste. Niri berdin dit talde batek zein hizkuntzatan abesten duen, musika ona baldin bada. Badirudi tokian tokiko hizkuntza eta ingelesa bakarrik entzun daitezkeela; gurean euskara eta ingelesa, eta Katalunian katalana eta ingelesa.

Baina zuen kasuan, hain justu, ez dirudi entzuleak hizkuntza hautuari garrantzia eman dionik.
J.X.B.:
Guk ez dugu inoiz pentsatu hizkuntzarekin batera edo bestera heldu behar ginenik. Beti egin dugu sentitu duguna: euskaraz edo ingelesez. Baina sekula ez dugu horretan pentsatu, inoiz ez dugu Belako produktu bezala ulertu. Guretzat proiektu bat da, denbora pasa on bat, polita.

Denbora pasatzeko modu horretan, kontzertuak jotzerakoan, zer duzue nahiago, areto txikia, handia…?
Denek: Txikia.
L.Z.: Bai, baina zer da txikia?
J.X.B.: Bilboko Kafe Antzokia bestekoak edo txikiagoak.
L.N.B.: Oso politak dira eszenatokirik gabeko kontzertuak, eta jendea zure albotik pasatzen dela nabaritzea.

Biluztasun horrek ez dizue beldurrik ematen?
L.Z.: Beldur handiagoa ematen du festibal bateko eszenatokian publikoa hogei metrotara izateak.
L.N.B.: Hori kaka bat da!
J.X.B.: Eta salto egin nahi baduzu... atleta izan behar duzu!

Entzuleekin gertutasun horren bila harreman berezirik egin duzue?
L.N.B.: Bai, super jatorrak gara! –denak barrez-. Asko gustatzen zaigu audientziarekin egotea.
J.X.B.: Baten batek idatzi digu noizbait lokalera etortzeko ere. Bai, joe! Eta gu erraz konformatzen gara. Kontzertua amaitzen dugunean, normalean, jende artera jaisten gara beste taldeak ikusteko, goitik ikusi beharrean. Eta ekitaldi handietan asko betetzen ez duen talde bat ikusten dugunean ere, lehen lerroan jartzen gara.

Oholtzara igotzeak inoiz lotsarik eman dizue?
L.N.B.: Beno... orain ez hainbeste, baina lagunak eta familia publikoan daudenean bai.
J.X.B.: Nik txikitan pianoa jotzen nuen, eta musika audizioetan oso urduri jartzen nintzen. Baina nire musika egiten hasi nintzenean, ez hainbeste. Pentsatzen dut nire musika izanik eta egindakoaz harro banago, ez dudala zertan beldurrik izan.
C.L.: Garrantzitsua da ere lau izatea, hala, gure artean babesten gara eta oreka lortzen dugu.
L.N.B.: Eta norbaitek hanka sartzen duenean Josuk atzamarra ateratzen dio, eta barre egiten dugu!

Kaletik ez zarete atzamarra ateratzen ibiliko, beraz, eszenatokiak transformatu egiten zaituzte?
L.N.B.: Oso ondo pasatzen dugu, ez dago sekreturik. Publikoan gaudenean ere horrelakoak gara, gustuko dugun kontzertu bat ikusten gaudenean, adibidez.
J.X.B.: Siestak ere oso onak dira. Siesta botatzen dugun bakoitzean kontzertutzarra egiten dugu. –denak barrez-.

Musika ikasketak egin dituzue?
L.Z.: Laurok jaso ditugu klaseak, eta solfeora joan gara.
C.L.: Ni Bilboko koralean egon nintzen txikitan.
L.N.B.: Josu eta biok Mungiako musika eskolan ibili gara txikitatik. Hasi eta urte batzuetara, zortzi urterekin, solfeoarekin hasi ginen eta instrumentua aukeratu behar izan genuen… solfeo, zer aspergarria!

Beno, agian horri esker, orain instrumentuak trukatzen dituzue zuen artean.
L.N.B.:
Bai! Bestela oso aspergarria litzateke!
J.X..B. Boladak ditugu. Nik izan nuen bolada bat ez nuela gitarra jo nahi. Baina ezin diot inori pasa...
C.L.: Bai, bolada asko izaten dituzu zuk. –denak barrez-.

Dena den, zuek intuizioz asko funtzionatzen duzue, ezta?
L.N.B.:
Dena egiten dugu intuizioz!
J.X.B.: Azken batean, badakizu arauek zer esaten duten, gauzak nola egin behar diren, baina hori ez da ezinbestekoa.

Orain arte ohikoa izan da Nina Simoneren bertsioa egitea kontzertuetan. Bira berrian ere kanten zerrenda sartuko duzue?
J.X.B.: Agian kanta hori disko berrian egongo da...
L.N.B.: Hortaz berba egin nahi dut zuekin… Zer arazo dago?
J.X.B.: Gero, Lore, gero. -denak barrez-.


Belakoren kuttunak


KONTZERTUA HASTEKO KANTA
Gaztetxe batean:
Arinau.
Kontzertu aretoan: Bele Beltzak.
Jaialdi batean: Hamen diskoko bigarrena.

FURGONETAN ENTZUTEKO
Mariah Carey, Abba, Bonie M, Jamiroquai, Rage Against the Machine, Nirvana, Andrés Calamaro, Los delincuentes… denetik.

SOINU PROBA EGITEKO
Oskorriren Kanuto (sisilindro).

OHOLTZA KONPARTITZEKO TALDE BAT
Niña Coyote eta Chico Tornadorekin oso ondo pasatu dugu, eta Lisabö eta Willis Drummondekin ere bai. ‘Rollo’ oso ona dagoenez…

BELAKORI LOTURAKO LIBURU EDO FILMEREN BAT
L.N.B.: The Lord of the Rings.
J.X.B.: Lore, kazetariak erantzun jasoa espero du. 
L.Z.: Ai, gure bidaia luzeak Tolkienpedia irakurtzen!
C.L.: Interneteko orririk onena… Gandalfen adina jakiteko!