Bele, Esanezin eta Iseo & Dodosound izango dira Atlantikaldia jaialdian

Bele, Esanezin eta Iseo & Dodosound izango dira Atlantikaldia jaialdian Irailaren 19tik 22ra hainbat musikariren emanaldiak izango dira Errenteriako kaleetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bele-esanezin-eta-iseo-dodosound-izango-dira-atlantikaldia-jaialdian/@@download/image/IMG_1713.jpg
2024/06/26
Irailaren 19tik 22ra hainbat musikariren emanaldiak izango dira Errenteriako kaleetan.
Bele, Esanezin eta Iseo & Dodosound izango dira Atlantikaldia jaialdian

Kultur topagune eta musika jaialdia da Atlantikaldia, "aniztasunari gorazarre egiten dion festa". Irailaren 19tik 22ra egingo dute hamaikagarren edizioa, Artxipelagoa lelopean. “Hamaika aniztasuna da; eta hain justu, hori da Atlantikaldiaren erroa. Hamaika emanaldi, hamaika sorkuntza, hamaika harreman, hamaika emozio… Gure unibertsora eramatean, artxipelago bat datorkigu burura: irla txiki ezberdinez osatutako eremu bat” esan du Aizpea Otaegi alkateak.

Lau kokagune nagusi izango ditu jaialdiak: Lehendakari Agirre plaza, Herriko plaza, Panier orubea eta Foru plaza, nahiz eta ibaian eta herrian zehar ere ekimenak egingo diren. Oholtza bakoitzak bere izaera izango du: oholtza nagusia izango den ‘Itsasargi Nagusia’;  emanaldi intimoagoak eskainiko dituen ‘Herriko Plaza’; ‘Kalekaia’ artista urbanoentzako espazioa; eta ‘Herrixka’ jarduera parte hartzaileetarako gunea. ‘Herrixka’, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtruck-etako eskaintza gastronomikoarekin.

Bertan izango diren artista batzuk iragarri dituzte. Ostegunean Cocanha + Julen Achiary eta Bele arituko dira; ostiralean, Esanezin, Francisco El Hombre eta Bichos Raros; eta larunbatean, Sol Band, La Otra, Iseo & Dodosound eta La Txama.

Kontzertuez gain, dantza emanaldiak, literatura, gastronomia, haur nahiz helduentzako tailerrak.. eta bestelakoak ere antolatuko dituzte. Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzen dituen Itsas Elkarrizketak ere izango dira. Irailean emango dute egitaray osoaren berri.