Beñat Arrutik 'Arkeologia haragitan' poesia liburua aurkeztu du

Beñat Arruti Irigoienek (Zarautz, 1999) Arkeologia haragitan poesia liburua kaleratu du Balea Zuria argitaletxearekin. Lan honek Donostia Kultura VII. Poesia Saria irabazi zuen.
Sariketako epaimahaiak honakoa nabarmendu zuen saria ematerakoan: “Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa. Ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz”.
Beñat Arrutiren lehen liburua da. Psikologia ikasketak egin zituen, eta ondoren Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin ari da lanean.
Errezitaldia ekainaren 12an
Egilea zuzenean ikusteko aukera izango da ekainaren 12an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Cluben egingo den 2024ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean. Iñaki Irazu, Aitor Kaltzakorta, Oihane Zuberoa Garmendia, eta Yolanda Castañok ere parte hartuko dute bertan, Jon Makusoren bibolin doinuez lagunduta.