Benetako krimenak gustuko dituzu? Euskal Herriko sei gertakari ezagutzeko aukera gaurtik aurrera

'Krimenak. Gure kronika beltza' dokumental saioa estreinatuko dute gaur Primeran plataforman.

Benetako krimenak edo true crime-n inguruko ikus-entzunezkoak gero eta gehiago ikusten dira nazioartean, eta gurera ere iritsi da joera hori. Berriak aurreratu bezala, sei atalez osatutako Krimenak. Gure kronika beltza dokumental saioa plazaratuko dute gaur Primeran plataforman. Euskal Herrian azkeneko 25 urteetan gertatu diren krimenik ezagunenen berri emango dute kriminologo, ikertzaile eta adituen laguntzaz. Xabier Madariagak aurkeztuko du saioa, off ahots bidez. Sei atalak ikusgai daude gaurtik aurrera.

Atal bakoitzeko gertakarien kontakizuna egiteko nobela beltzeko idazleen laguntza izan dute gidoietan, modu erakargarrian kontatze aldera. Biktimak ere kontuan izango dituzte eta euren ahotsa jasotzen ahalegindu dira.

Bilboko Virginia Acebes 21 urteko gaztearen auzia kontatuko dute ataletako batean. Bahitu, bortxatu eta hil egin zuten labankadak emanda. Bilbon bi emakume hildako Juan Carlos Aguilarren, Shaolin maisu faltsuaren, kasuaren berri ere emango dute. Zita aplikazio baten bidez ezagututako neska batekin geratzeko Zaragozara joan eta bahitu, torturatu eta bizirik lurperatutako Josetxu Delgadoren auzia izango da beste atal batean. Gasteizen 90eko hamarkadaren amaiera aldera gertatutako lau hilketari buruz arituko dira eta baita Gipuzkoako serieko bortxatzaile bati buruz ere. Azkenik, droga trafikoarekin lotuta, Azkoitiko sima batean aurkitu zuten gorpu baten auzia ere izango dute hizpide.

Primeran plataforman daude ikusgai sei atalak, eta atal bakoitzak 45 minutuko iraupena du.