BENGOK 'BELHARRA' izeneko bere lan berria argitaratu du
Bengok orain arte egindakoarekin hautsi eta bere alde pertsonalena islatu du bederatzi kantuz osatutako Belharra diskoan. Bere jatorri euskaldunaren aztarna utzi nahi izan du diskoaren izenburuaren bitartez. 'Belharra' Urruñan sortzen den olatu erraldoia da eta fenomeno hau ez da ohikoa. Artistarentzat olatu izugarri honek "aurrera jarraitzea" esan nahi du, "dena atzean utziz".
Bengok Julen Aduriz ekoizlearekin batera ondu du lan hau. Ahots-ekoizpenaz eta ekoizpen lirikoaz arduratu da Bengo, eta ekoizpen instrumental osoa landu du Adurizek. Ez da betiko eta Txoriak abestietan, Yeray Lizarazu ekoizleak ere kolaboratu du.
Eñaut Gaztañagak masterizatu du Gaztain estudioan, eta Rita Gratacosek eman dio unibertso bisualari forma, irudi zuzendaritza eta ekoizpenaren bidez.
Datorren urteko kontzertuak
Otsailetik aurrera emango dituen kontzertuen berri ere eman du Bengok. Otsailaren 8an Donostiako Dabadaban izango da, eta Gasteiz, Iruñea, Baiona eta Bilbon ere lotu ditu hitzorduak. Euskal Herritik kanpo ere arituko da, Madrilen eta Bartzelonan.