Bertrand Chavarria-Aldreteren 'Soinu-hedapena' instalazioa bisita daiteke Donostiako San Telmon
Instalazioak soinuaren aukera plastikoak aztertzen ditu.
Artistak obra batzuk aukeratu, eskultura eta pinturak, eta soinu-piezak konposatu ditu, horien soinu-hedapena sortuz. Honako obrak eta soinu-piezek osatzen dute urtarrilaren 23ra arte zabalik izango den instalazioa: egile ezezaguneko bi eskultura, Engeru izeneko soinu-pieza lagun; Txomin Badiolaren Los Angeles, Bô[•]bori soinu-olerkiarekin; Elena Mendizabalen Con Oreja, Erinamanire konposaketarekin; eta Antonio Ortiz Echagüeren Mi hija a caballo koadroa, Rêhe olerkiarekin. Paneletan dauden QRak eskaneatuz gero, azken hiru soinu-piezak entzun daitezke.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "esku-hartze honek, soinu-hedapen gisa, obrarekiko bizitza paraleloa ematea du helburu, soinuak eta haren presentzia fisikoak hibridatutako objektu bat sortuz. Obra bakoitzak bere borondatetik sortzen diren hizkuntza eta soinuaren bidez hitz egiten digu. Jatorrizko materialaren borondate bat da, artistaren praxiak iragazi eta moldatua: materialaren soinu-hedapena arte bihurturik”.
Bertrand Chavarría-Aldrete (Lyon, Frantzia, 1978) gitarra-interpretea, konpositorea eta artista plastikoa da. Hainbat metodo eta lan formatu aztertzen ditu, soinua abiapuntu izanik. Gaur egun, Lundeko Unibertsitatean (Suedia) Musikaren hedapen plastikoa izeneko ikerketa egiten ari da, eta dantza lantzen ari da ikusmen eta entzumen urritasuna duten pertsonekin.