"Besta bai, borroka ere bai"
Patxari buruzko liburua idatzi du Eneko Bidegainek. Duela 25 urte Baionan sortu eta Ipar Euskal Herriko gazte aunitz erakarri zituen mugimenduaren atzera begirako zabala.
"Larunbat arratsean, reggae gaua da Patxokian. Igandean, goizeko 11etan, oren bat geroago Baionako eta Iruñeako udaleko agintariek zeharkatu behar dituzten karrikak esku-orriz estali ditugu. Azkenik, bestak astelehen goizean bukatu dira, arroltze-moletaren inguruan, Patxokian, 'Besta bai borroka ere bai' kanpainan parte hartu duten guztiekin. Hurrengo kapitulua hemendik urte batera, agian oraindik biziagoa". Patxaran fanzinearen 1988ko zenbakiaren pasarte laburra da. Laburra da, bai, baina lerro gutxi horietan Patxaren katebegi batzuk ageri dira. Patxokia alde batetik, alegia mugimenduaren egoitza izan zena; eta 'Besta bai borroka ere bai' lau haizetara zabaldutako leloa.
Patxak hamaika esparru ukitu zituen. Elkarren artean oso ezberdinak; musika eta begetarianismoa, esate baterako. Eta erronka handia bota zuen: kapitalismoari, prekarietateari, drogari, eraso sexistei eta eskuin muturreko taldeei. Oihartzun handiena izandako borroka intsumisioaren aldekoa izan zen. Eta Eneko Bidegain liburuaren egileak nabarmendu duenez, "abertzaletasunaren itxura tradizionalistarekin bat egiten ez zutenengana ere iritsi zen Patxa, giro alternatiboan mugitzen zen jendearengana. Mugimendua sortu zenean kide gutxik zekiten euskaraz, baina urteen joanarekin asko gure hizkuntzara gerturatu ziren. Finean, Iparraldeko gazteria baten baitan erreferentzia bihurtu zen".
EHZ jaialdiaren sorburu
Euskal rock erradikalaren iturritik edan zuen Patxak: Kortatu, Hertzainak, La Polla Records 1987ko otsailean Arrangoitzen antolaturiko kontzertua mugarria izan zen: Frantziako Berurier Noir rock erradikal taldeak jo zuen eta 1.500 lagun elkartu ziren. Hurrengo urteetan Rock Eguna antolatu zuten, eta nolabait Ipar Euskal Herrian rock taldeak sor zitezen akuilu izan zen. Musikari eginiko ekarpenaz honako hau dio Gil Haran Patxako kide izandakoak: "Nik uste dena zor diogula: Euskal Herria Zuzenean, gaztetxeak, herriko bestak eta abar. Hori zinez garai hartatik heldu da ( ) Musika abertzaleak ez zirenentzat ere ate irekitze handi bat zen". Urte berean, 1987an, Baiona Ttipiko Tonneliers kaleko eraikin bat hartu zuten errentan eta hura bihurtu zen Patxaren egoitza, Patxokia.
'Ezetz diogunean ezetz da'
Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egin zuen Patxak, sutsuki. Barrura begira, alde batetik; adibidez, rock egunetan karpa jarri eta kentzeko talde mistoak osatzen zituzten. Eta kanpora begira ere lanean aritu ziren. Baionako bestetan emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako afixak jartzen zituzten, iragarki sexistetan pintadak egiten zituzten eta 'Ezetz diogunean ezetz da' tankerako leloak izan zituzten ahotan. Maika Chembero Patxako kide izandakoak liburuan azaltzen duenez, 1988an 50 bortxaketa salaketa izan ziren.
Baionako besten eredu alternatiboa ere aldarrikatu zuen. "Guretzat bestak ez duelako erran nahi leher egin arte mozkortzea, biharamunean lanera joatea eta arratsean berriz mozkortuko garela pentsatzea; bestak sentimendu kolektiboa izan behar du, askatzailea, inori baimena eskatzeko beharrik gabe, eta jendeen arteko errespetua arau nagusia duena".
Gerlaren aurka, intsumisioaren alde
90eko hamarkada hasieran, Persiako Golkoko gerraren ildotik, Frantziak bertara tropak bidali izana deitoratu eta Ipar Euskal Herriko gazte guztiei gerra horretan ez parte hartzeko deia egin zieten. Eta oro har, Frantziako armadari eta armada guztiei uko egiteko deia. Desertatzearen eta intsumisioaren alde egiteko eskatu zuten. Horrez gainera, 1992an Patxako hiru kide intsumiso epaitu eta kartzela zigorra ezarri zieten. Handik gutxira beste bost gaztek intsumisioaren aldeko hautua egin zuten. Armadari ezetz esateko borroka gori-gori, beraz. Eta horren isla izan zen Patxak urte hartako maiatzean antolatutako astebeteko bizikleta martxa. Baionatik Baionara, preso zeuden Erik, Lof eta Nikolaren alde.
Intsumisioaren aldeko ekimenak alde ona eta txarra izan zuen Patxarentzat. Aparraren gainean ibiltzeko aukera eman zion alde batetik, baina era berean gogoeta eragin zuen kideengan. Nola zabal zitekeen mugimendua? Zer norabide hartu? Zer lor zitekeen?... Galdera horiek guztiak jarri zituzten mahai gainean. Erabaki guztiak asanbladak hartzea ere ez zuten begi onez ikusi hainbat kidek, bereziki ikasketengatik edo lanagatik Baionatik kanpora zeudenek. Horrek guztiak zatiketa ekarri zuen 1994an. Patxarenak egin zuen.
Eneko Bidegain: Militante eskola handia izan zen Patxa
Eneko Bidegain hendaiarra liburu freskoa egiten saiatu da. Sasoiko fanzineetan frantsesez argitaratutako hainbat artikulu euskaratu eta Patxako zenbait kide ohi elkarrizketatu ditu.
Zer dute komunean Patxako kide ohien testigantzek?
Garai hartaz baikorki hitz egiten dute, mugitua izan zela diote, sasoi kreatiboa. Pena izan dezakete orduan aldarrikatzen zituzten gai batzuk bazterrean geratu direlako, baina gizartearen bilakaera horrelakoa da. Ez dut uste nostalgiarik dutenik, garaian garaiko egoeretara eta egituretara moldatu direlako, nork bere arloan dinamiko izaten segitzen du. Militante eskola handia izan zen Patxa. Gauza anitz sortu zituzten, ez bakarrik engaiamendu politikoa.
Zer gai edo aldarrikapen geratu ziren bazterrean?
Kapitalismoaren gaia adibidez, kontsumismoa erabat zabalduta dagoelako. Eta beharbada batzuek pentsatuko dute feminismoak ez duela egin egin behar zukeen aitzinamendua jendearen kontzientzietan. Dena dela, nik errango nuke aldarrikapen horiek ez direla desagertu; izozkailuan daude. Patxak aurretik sortutako gai edo kezka batzuei oihartzuna eman zien, ez zituen Patxak berak sortu. Gaur egungo gazteria nahiko indibidualista eta kontsumista da, baina agian urte batzuk barru gazte belaunaldi berri batek, krisi ondokoak, beste kontzientzia bat ukan lezake. Ezer ez da galdua.
Ba al dago Patxaren arrastorik?
Nire ustez, 18-20 urtetik beherakoek ez dute Patxaren entzuterik, baina ezin dut orokortu. Suposatzen dut militantzia munduan dabiltzan gazteek zerbait badakitela, baina Patxa iraganeko kontua da. Gertatzen dena da taldearen egoitza zenak, Patxokiak, zutik jarraitzen duela eta gogora ekartzen du bertan izan zena. Hainbat jarduera egiten dituzte hor: elkarte batzuen aldekoak, presoen alde, ikasleen bilkurak
Elkarrizketatutako kide ohi batzuek nabarmentzen dute politika ez zela Patxaren ildo nagusia izan.
Patxa politikarekin lotu da, politika ere ukitu zuelako. Patxak mugimendu abertzalearen eztabaidetan parte hartu zuen, baina ez zen bakarrik aritu mugimendu abertzale baten bidean independentzia, euskara.... Zentzu zabalean jardun zen: feminismoa, homosexualen eskubideak, antikapitalismoa... Hori ere politika zen, gizarte eredu berria bilatzen zuelako. Izan gaitezke euskaldun, abertzale eta hiritar, beste era batera. Hori aldarrikatu zuen Patxak.
Hitzez hitz
Patxan ibilitako hainbat neska-mutil elkarrizketatu ditu Eneko Bidegainek. Hona hemen mugimendu hura zer izan zen haien ahotan, egunerokoan bizitasuna eman ziotenen ahotan.
Jean Noel Etcheverry Txetx
Kalimotxoren (fanzinea zen) zatiketa bat bezala aurkeztu genuen. Ez zen zatiketa bat, desadostasunik gabe egin baitzen; batzuek beste zerbait egiteko gogoa zutelako sortu zen Patxa. Baina giro ona zegoen gure artean, Patxako batzuek Kalimotxon parte hartzen jarraitu baitzuten, arazorik gabe.
Ttipia Lagan
Patxa nahiko erradikala zen baina orduko kontestuan kokatu behar da ere. Ezker muturrean ginen, baina aski azkarra zen Europa osoan. Denotan kontaktuak genituen eta jende horiekin elkartzen ginen. Oroitzen naiz anitzetan kanpoko jendea pasatzen zela Patxokitik eta hori biziki interesgarria eta aberasgarria zela.
Eric Lexardoi
[Intsumisioaren aldeko borrokaz] Mugimendua zabaldu zen, irekitze bat izan zen, Patxa mugimenduaren bidez edo armadaren kontrako mugimenduen bidez. Abertzale ez ziren gazte batzuek kanpaina horretan parte hartu zuten, besteetan ez bezala. Hiru urte geroago soldaduska kendu zuten. Ez genuen irabazi, baina harrixka bat izan ginen.
Hartzea Lopez Arana
Gutariko batzuentzat, Patxan aritzea ez zen soilik bilkuretara eta kanpainetara mugatu behar. Borroka osoki ibilarazteko, gure eguneroko bizia ere aldatu behar genuen: kolektibitatean bizi, enpresaburuen lanik ez onartu, saltegietan lapurtu eta zakarrontzietan dagoena birziklatu, feminista eta bejetarioanoa izan Dena zen politikoa eta dena eraldatzeko gogoa genuen, ikuspegi libertarioarekin gehienbat.
Maika Chembero
Antisexismoa Patxaren borroka ardatz bat izan zen. Bizitza aski komunitarioa genuen, denbora anitz elkarrekin pasatzen baikenuen. Bazen apartamendu bat, eta denak pasatzen ziren handik eta anitzek (mutikoek bereziki) garbiketa eta janari erosketa deskubritu zituzten eta ikusi zuten horiek berez ez zegozkiela emazteei. Guretzat, bizimodu horrek gure ideiekin bat zetozen praktikak martxan ezartzeko aukera eman zigun.
Iban Etxezaharreta
Abertzale izatea ez zen bakarrik euskara, ikastolak, enpresak sortzea, estatu bat sortzea Beste gai batzuk ekarri genituen. Zer gelditzen da horretaz? Toki batzuk gelditu dira. Lehenbiziko gaztetxeak orduan sortu ziren; ez zen bakarrik Patxaren eragina, 1980ko hamarkadako rock mugimenduaren ondarea da ere.