Beste arma bat

Historian zehar guda askotan tropen artean drogak erabili dira eta egun erabiltzen dira oraindik. Estatuek gudetan egindako drogen erabilerak, bere aldetik, gehienetan etsai nahiz tropen kontrol fisiko eta mentala izan du helburu.
Horren adibideetako bat, nazismoan dugu. Soldadu alemaniarren errendimendua handiena izan zedin Pervitin izeneko metanfetamina-hidroklorikodun konprimituak hartzen zituzten besteak beste, Pervitinak alertan egotea ahalbidetzen zielako, kontzentrazioa eta konfiantza handitzen zuelako, arriskuarekiko hautematea txikitzen zuelako, nekea, logura, gosea, egarria eta mina gutxitzen zielako.

Bestalde, galdeketetan egia aitortzeko droga bat asmatu nahian ibili ziren hainbat herritan. Ezagunak dira CIAren esperimentuak eta proiektuak, LSDarekin besteak beste, honek kontzientzia asaldatzen duelako, aluzinazioak sor ditzakeelako, zentzumenen hautematea eraldatzen duelako…

Vietnameko kasua ere hor dago. Soldadu estatubatuarren artean heroina kontsumoa zen nagusi, gudaren tentsiotik ihes egiteko, substantzia depresore hau lasaigarria delako. Baina droga honen berri izateko ez dugu hain urrun joan behar, XX. mende bukaeran Euskal Herriko gazterian dugulako adibide argia.
Yemen, Somalian, Yiboutin, Etiopian, Omanen, Saudi Arabian edo Arabiar Emirerrietan Khat landarearen erabilera handia izan da aitzinetik besteak beste, borroka edo pirateriarako, estimulatzailea baita, nahiz eta eragin analgesikoak ere badituen. Iboga ere ‘Gerlariaren landarea’ bezala ezaguna zen.

Eta egun Ekialde Ertainean egindako Captagon pilula psikoestimulatzailearen erabilerak izan du oihartzuna, gerra-tokietan nekeari aurre egiteko hartutakoa. Pilulak fenetilina du, anfetamina eta teofilinaren lotura kimikoa. Dosiaren arabera bihotz-erritmoa azkartzen du, euforia sortzen du, ziurtasuna handitzen du, gosea eta nekea gutxitzen ditu…



Beraz, guda nahiz borrokarako drogak erabili ziren, erabiltzen dira eta erabiliko dira, armak balira bezala.

• Guda edo borroketan substantzia mota asko erabili dira.
• Erabilera gerlari, etsai nahiz biztanleriaren partez ematen da.
• Erabileraren arrazoiak askotarikoak dira; nekeari aurre egiteko, lasaitzeko, itaunketetarako…
•    Informazio gehiago.