Beti Itziar Ituñoren taldean

Gehienok Goenkalen ezagutu genuen, Nekane Beitia ertzain hasiberriaren rola jokatzen. Pertsonaiak joan-etorriak izan zituen telesailean, baina orotara hamabost urtez aritu zen bertan lanean. Urte batzuk geroago, nazioarteko erakusleihoan kokatu zuten bi lanetan hartu zuen parte. Lehenengoa, 2014.urteko Loreak ahaztezina izan zen. Donostiako Zinemaldian hasita, euskal lurretan izandako arrakastari esker, nazioartean zabalkunde handia izan zuen filmak. Bizitza profesionala –eta neurri batean pertsonala– aldatu ziona, ordea, 2017an iritsi zen.

Argazkia: Galder Izagirre/GAZTEZULO


La casa de papel. Mundu osoan egin zen ezagun eta sare sozialetan milioika jarraitzaile berri lortu zituen.
Jauzi mediatiko horrek, ordea, bazuen alde ilun bat: gehiegizko esposizioaren arriskuak agerian geratu ziren segituan. Are gehiago irudi ezagun horren atzean dagoena emakumea, euskalduna eta gizarte-kontzientzia handiko pertsona bada.
Itziar Ituñori buruz ari naiz bai, baina zoritxarrez ez dut zineman egin duen lana soilik aipatuko; aktoreak jasandako boikot, irain eta eraso gutxiesgarriak nahitaez mahaigaineratu behar ditut. 2018ko urtarrilean GAZTEZULO-n egin genion elkarrizketan, zera galdetu genion: “Sare sozialik ez zegoen garaira bueltatuko zinateke?”. Bere erantzuna: “Zalantzarik gabe, askoz askeagoak ginen!”. Mikrofonoa hartu eta zerbait esan edo aldarrikatzen duen bakoitzean, zenbait hedabide espainiar eta ultraeskuin kiratsa darien hainbat sektore, bera erasotzeko gosez azaltzen dira berehala. Bilboko Aste Nagusian esandakoengatik asaldatu dira azkena.
Baina erasoen aurrean Ituño beti tinko ageri da, seguru, kementsu. Miresgarriena zera iruditzen zait: azken urteotan jaurti dioten zaborra saihesteko erakutsi duen gaitasuna eta ausardia. Askoz errazagoa eta erosoagoa izango litzateke ezer ez esatea eta bazter batean isilik geratzea, baina duen oihartzun mediatiko ikaragarria, eskubide sozial, politiko eta kolektiboen aldeko adierazpenak egiteko baliatzen du.
Ituño, eredugarria zara, eta ez bakarrik artista gisa egiten duzun lanagatik, baita dituzun giza-balioak itzelak direlako ere.
Beti Itziar Ituñoren taldean!