Bidaiatzeak zoriontsu egiten gaitu
Aurten ezin izan gara etxe ingurutik gehiegi mugitu, eta horrek eragina izan dezake gure osasun mentalean.
Gizakia nomada da esentzian, eta bidaiatzea gure senaren zati garrantzitsua da. Ez dugu zertan munduaren beste puntara bidaiatu behar grina hori asetzeko, baina noizbehinka, airez, jendez eta inguruz aldatzea beharrezkoa zaigu, egun batzuetarako bada ere. Aurtengo pandemiak zaildu egin du bidaiatzeko behar hori asetzea, eta gure inguruetatik mugitu bagara ere, distantzia soziala mantentzeak eta maskararekin ibiltzeak bidaiatzearen esperientzia nabarmen hoztu du. Horregatik, guztiz normala da tristura eta nekea sentitzea.
Ezin bidaiatzea arazo txikia dirudi, eta egia da mundu guztiak ez duela bidaia handiak egiteko ahalmenik, baina bidaiatzeak eskaintzen duen mugimendu sentsazioa da benetan faltan botatzen duguna, eta hori edozeinek egin dezake. National Geographic aldizkariaren artikulu honek berresten duen moduan, bidaiatzea gizakiaren oinarrizko ekintzatzat hartu beharko genuke. Ez da ekintza arrazional bat, geneetan daramagun sen bat baizik.
Artikuluak dioenez, gizakia ez da sedentarioa, azken mendean halakoa bilakatu den arren. Bidaiatzea ez da soilik plazer hutsa; arazoak konpontzeko, estresa uxatzeko eta kezkatzen gaituzten kontuak perspektibarekin ikusteko laguntza handia da. Aldizkaria pauso bat harago doa, bidaiatzearen esperientzia "maitemintzearekin" alderatuz: "Bidaiatzea edo bizitokiz aldatzea eta bizitza berri bat hastea amodio istorio bat bezain zirraragarria izan daiteke".
Gauzak horrela, erabat naturala da bidaiatzeko gogoak sentitzea, batez ere aurten; bidaiatzean, gainera, ez ditugu soilik leku berriak deskubritzen, jende berria ezagutu eta bestelako bizimoduak deskubritzeko aukera eskaintzen digu, bizipen berri horiek altxorren moduan memorian gordez. Edota urrun bizi diren senide eta lagunak bisitatzeko aukera eskaintzen digu. Bidaiatzeak badu bere garrantzia, eta zorte apur batekin, laster izango dugu berriro libreki mugitzeko aukera.