Bidaietarako dokumentu digitala erabiltzea proposatu du Europako Batzordeak
Aplikazioa garatuko dute eta 2030. urtetik aurrera dokumentu digitalaren bidez bidaiatzeko aukera izango dela aurreikusi dute.
Europar Batasuneko zein beste herrialdetako hiritarrek aurrez aurreko kontrolak pasa behar izaten dituzte Europar Batasuneko mugak zeharkatzerakoan. 2023an ia 600 milioi zeharkaldi izan omen ziren. "Mugetako kontrolak arindu eta bidaien segurtasuna ziurtatze aldera", Schengen espaziotik ateratzen edo sartzen diren bidaiarien nortasun agiriak eta pasaportea digitalizatzea proposatu du batzordeak.
Pasaporte eta nortasun agiri dokumentuetan gordetako datuen bertsio digitala eginda sortuko dute bidaietarako egiaztagiria. Pasaporte eta nortasun agiriko txipean gordetako informazioa sartuko dute bertan, aurpegiaren irudiarekin batera, baina ez dute hatz-markarik izango. Bidaiarako dokumentu digitala izanik, mugikorrean bertan gorde daiteke. Nahi duenak eskatu edo erabili ahal izango du eta doakoa izango da.
Dokumentuen digitalizatzearen bidez mugak gurutzatzea erraztu eta azkartu nahi dute. Izan ere, Europar Batasuneko zein kanpoko bidaiariek bidaiaren aurretik aurkeztu ahal izango dute dokumentazioa eta aurrez pasatu kontrola. Europako Batzordeak adierazi duenez, dokumentu faltsuak identifikatzeko erraztasun handiagoa emango die eta segurtasuna handiagotuko du.
Europako Batzordeak eu-LISArekin batera garatuko du EU Digital Travel izeneko aplikazioa. Schengen espazioan sartu edo bertatik atera behar duen orok egin ahal izango du tramitea aplikazioaren bidez, pasaportea edo Europar Batasuneko nortasun agiria izanik.
Europar Batzordeak eta Europako Parlamentuak oinarriak eta prozedura adostu beharko dituzte orain. Ondo bidean, 2030. urtetik aurrera erabili ahal izango omen da.