Bihar estreinatuko dute 'Apaiz kartzela' dokumentala zinemetan
Francoren diktaduraren azken urteetan apaiz ugari espetxeratu zituzten erregimenari aurre egiteagatik. Bertan egondako hainbat apaizen testigantzak biltzen ditu dokumentalak.
Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Arantzabalen Apaiz Kartzela dokumentala Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritako zinema aretoetan estreinatuko dute bihar, hilak 26, aurtengo apirilean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian erakutsi ondotik. Diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik, 1968tik 1976ra bitartean Zamorako apaiz kartzelan preso egon ziren abadeen bizipenen ingurukoa da ikus-entzunezkoa.
Oier Arantzabal egileetako batek azaldu duenez, "apaiz kartzela Francok zabaldu zuen kartzela da, Vaticanoaren konkordatuaren adostasunarekin, apaiz abertzale eta komunistak kartzelaratzeko. Frankismo amaieran elizaren parte baten aldetik matxinada moduko bat egon zen mezetan, eta esan dezagun frankismoaren oposizio ofizialetako bat batez ere Euskal Herriko eta Kataluniako elizetan sortu zela, eta apaiz komunista batzuen aldetik. Hasieran partxeak egiten hasi ziren, apaizak monasterioetan sartzen-eta, baina azkenean Zamoran kartzela bat sortu zuten haientzat. Munduan ezagutzen den kartzela bakarra da espresuki apaizentzat sortua".
Dokumentalak hainbat apaizen testigantza jasotzen du: Alberto Gabikagogeaskoa, Xabier Amuriza, Jon Etxabe, Josu Naberan, Julen Kaltzada, Martin Orbe, Nikola Telleria, Felipe Izagirre, Juan Mari Zulaika, Pedro Berrioategortua, Periko Solabarria, Lukas Dorronsoro... "Apaiz mordo bat pasa ziren bertatik eta beraien historia kontatu behar da. Kontatu egin behar da isildu den historietako bat delako, garai hartatik isildu den askotariko bat, eta badirudi estali egin nahi direla. Beraien borrokak zertan zetzan eta zertan datzan kontatzen du, zeren kartzela hartatik pasatako apaiz ohiak gerora ere militante izan dira eta asko daukate kontatzeko", adierazi du Arantzabalek.
Xabier eta Martin Etxeberria anaiek, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok egin dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperena arduratu da musikaz.