Bihar izango da Donostiako San Telmo gaua
Arratsaldeko 20:30etik gaueko 24:00etara bisitatu ahal izango da museoa, doan.
Duela hamar urte izan zen aurrenekoz museoa gauez ezagutzeko aukera, Museoen Nazioarteko Egunaren harira. San Telmo Gaua izena jarri zioten handik gutxira, eta urtez urte ospatzen jarraitu dute.
Aurtengo hitzordua bihar izango da, hilak 20, eta museoa gauez bisitatu ahal izango da, dohainik. Une honetan museoan dagoen Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970 erakusketa ikusteko aukera izango dute bisitariek. Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa honek lehen mailako artista askoren lanak biltzen ditu. Chillidarekin lotutako erakusketaz gain, klaustroa eta eliza ere zabalik egongo dira.
Arratsaldeko 20:30etik gaueko 24:00ra izango da ezohiko bisita, eta taberna zerbitzua ere martxan jarriko dute. Badok euskal kantagintzaren atariak berariaz prestatutako musika zerrendak girotuko du gaueko bisita.