Bihar izango da MIN sarien gala Iruñean

Sariak banatzeaz gain, zuzenean arituko dira zenbait musikari, tartean Chill Mafia.

Bihar, hilak 27, banatuko dituzte Espainiako Estatuko musika independentearen MIN sariak Iruñeko Nafarroa Arenan izango den galan, eta Hegoaldeko talde eta musikariak ere badaude izendatuta. Etxepare Euskarazko Disko Onenaren Sarirako hautagai dira Chill Mafia (Ezorregatik x Berpizkundea), Idoia (Ilun eta abar), Liher (Eta hutsa zen helmuga), Gaur (Gaur), eta Verde Prato (Kondaira eder hura) . Finalistez gain, sari hori eskuratzeko lehian izan dira, AMAK, Bulego, Ezpalak, Huntza, Ibil Bedi, Jon Maia, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Ruper Ordorika. 

Artista hasiberri onenaren sarirako izendapena ere lortu du Chill Mafiak, Chica Sobresaltok letra original onenarena, Kokoscha taldeak rock album onenarena, eta El Columpio Asesinok elektronika grabazio onenarena. 

Gainerakoei dagokienez, Zahara artistak bildu ditu edizio honetarako izendapen gehien, eta atzetik ditu Alizzz, Baiuca, Maria Arnal i Marcel Bagés, Rigoberta Bandini eta Tanxungueiras.

Carolina Iglesias umoristak gidatuko du sari banaketa ekitaldia eta zuzeneko musika ere izango da. Baiuca, Rosario La Tremendita, Maria Arnal i Marcel Bagés eta Chill Mafia nafarrak izango dira agertokian. Ekitaldia 20:30ean hasiko da eta sarrerak hemen eskura daitezke. 

Espainiako Estatuan egindako ekoizpen independenteen sormen, aniztasun eta kalitatea aitortzeko, eta musika eta ekoizpen prozesua publikoari gerturatzeko sortu ziren MIN sariak 2009an.