'Banksying': bikotekidea uzteko modu ankerra
Bikotekideari komunikatu ordez, bestelako moduen bidez harremana hiltzen uztea da joera ez osasuntsu honen jokabidea.
Ez da erraza bikotekidearekin duzun harremana etetea, baina argi dago modu egokiak eta desegokiak daudela horretarako. Banksying izendatu dute joera bihurtu den teknika. Zer da banksying? Bikotekideari ezer esan gabe harremana eteteko bidea planifikatzea. Hala, elkarrizketa deserosorik izan beharrik gabe banatzea da asmoa. Harremanaren heriotza isil eta geldoa azken finean. Joera hau uste baino ohikoagoa dela esaten dute psikologoek, lautik batek egin duela inoiz.
Zeintzuk izan daitezke praktika honen seinaleak? Bikotekidea gero eta urrunago eta arraroago sumatzea; sexu harremanen maiztasuna jaistea; komunikazioa gutxitzea, aurrez aurre zein telefono edo sare sozial bidez; epe luzeko edo motzeko planak egiteari uztea edota harremana hobetzeko neurririk hartzeko gogorik edo jarrerarik ez izatea.
Oso praktika krudela da, beste pertsona inolako informazio edo azalpenik gabe uzten delako. Hark ez du ulertzen zer gertatu den, nahasmendu handia sor dezake berarengan, eta baita abandonu-sentimendua edo autoestimu baxua ere.
Teknika honen izenaren jatorria Robbie Banks, Banksy ezizenez ezaguna den artistaren praktika batekin lotua dago. 2018an berak egindako Neskatoa puxikarekin (Girl with Balloon) obraren kopia suntsitu zuen, 1.2 milioi euroren truke enkantean saldu eta gero. Erosketa egiterako unean, kuadroa hautsi egin zen, Banksyk berak aurrez prestatutako mekanismo batek mihisea hausten baitzuen markotik ateratakoan. Artistaren planifikazio honi banksying izena eman zioten, inori ezer esan gabe bere obra hausteko plana prestatu baitzuen.
Ez ditugu beti behar ditugun baliabideak edo tresnak garatuta erabaki onak hartzeko, baina bestearekin errespetuzko eta enpatiazko jarrera izaten saiatu behar dugu, baita harekin dugun harremana amaitzerakoan ere. Beharrezkoa da gure sentimenduez hitz egitea bestearekin, sufrimendua ahalik eta txikiena izan dadin, bai bestearentzat eta baita norberarentzat ere.