Bilboko Bazterfest emakumeen hip hop jaialdia azaroaren 9an egingo dute
Bazter Fest jaialdiaren hamargarren edizioa azaroaren 9an egingo dute, 17:30etik aurrera, Bilborock aretoan. Hip hop eta rap estiloetan ibilbidea egindako emakumeak bilduko dira bertan, "genero kultural horretan emakumeen lana, presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzeko".
Bertan izango dira Malagako Eskarnia, Cadizko Carmen Xia eta Alacanteko Syla. Ane Rodriguez nafarrak bere bakarko proiektua aurkeztuko du, Annekdotas izenekoa. Bestetik, Basatitiak emakume artisten taldeak ere parte hartuko du, La Basu, Kenna I, Espinelis bikotea, Alas Glow, Ziztada, VitterSweet, eta Dj Latitak osatua. Unity, hip hopari lotutako emakumeen kolektibo ziklikoa ere izango da jaialdian. Gaur egun, Suzanna, la Basu, Zeidah eta Ms Maikok osatzen dute kolektiboa.
Bestalde, Raquel Koroma dantzari eta koreografoak eta bere alaba Aixiba Koromak dantza masterclass-a emango dute. Gainera, Eva Den XL grafitian espezializatutako artista bilbotarraren muralismo-erakusketa bat ere izango da. Bere obraren zati bat emakume aktibistak eta feministak ikusarazteko erabiltzen du.
Doako dantza masterclass-a 17:30ean hasiko da eta musika emanaldiak, berriz, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Parte hartu nahi dutenek sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dituzte www.kulturabarrutik.eus webgunean, hamabi euroren truke, azaroaren 9ra arte. Bilborock aretoko leihatiletan ere erosi ahal izango dira ekitaldiaren egunean bertan, 15 euroren truke, 17:30etatik aurrera.