Bilboko erraldoien erakusketa bisita daiteke Mariaren Bihotza plazako aztarnategian

Bilboko erraldoien erakusketa bisita daiteke Mariaren Bihotza plazako aztarnategian Irailaren 10era arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, goizez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-erraldoien-erakusketa-bisita-daiteke-mariaren-bihotza-plazako-aztarnategian/@@download/image/RP+GIGANTES_10.jpg
2023/07/13
Irailaren 10era arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, goizez.
Bilboko erraldoien erakusketa bisita daiteke Mariaren Bihotza plazako aztarnategian

Mariaren Bihotza plazako aztarnategiak Bilboko erraldoiak erakusketa paratu du bigarrenez, eta 1980 eta 1988 belaunaldietako pertsonaia ezagunak gertutik ikusteko aukera izango dute bisitariek. 

Erakusketaren bidez, "euskal folklorearen zati garrantzitsu bat hurbildu eta partekatu" nahi da, berrogei urte baitira erraldoiak hirian daudela. 1980ko belaunaldiko hamar erraldoi eta 1988ko belaunaldiko sei erraldoi daude bertan. 1980ko belaunaldikoak, Don Terencio, Zumalakarregi eta beste lau bikote dira. Eta 1988ko belaunaldikoak, berriz, Olagizona eta Zigarrogina, Marinela eta Zamaketaria, eta Ingelesa eta Bilbotarra. 

Erakusketa asteartetik igandera egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara. Uztailaren 25ean, jaieguna izanik, itxita egongo da. Erakusketarako sarrerek Artelan Berreginen Museorako sarreren kostu bera dute eta han bertan, San Frantzisko kaleko 14an, edo Aztarnategian (Mirasol kondea, 2). erosi ahal izango dira. Erakusketaren sarrerarekin museora sartu ahal izango da, eta alderantziz. 

Lotutako ekintzak
Ondalan konpartsaren eskutik, Erraldoien dantza jarduera egingo dute uztailaren 14an eta 28an, 11:30ean.  Elkargunea Mariaren Bihotza plazako aztarnategia izango da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Dohainik izango da ekintza.

Bestetik, Erraldoi bat zure hozkailuan tailerra ere egingo dute gaur, hilaren 20an eta 27an. Museoko hezkuntza-taldeak erakusketa bisitatuko du, sei urtetik gorako haurrei Bilboko erraldoien xehetasunak eta historia ezagutarazteko, batez ere Don Terencio eta Doña Tomasa jaun-andreena. Izan ere, ibilbidea amaitutakoan, haurrek iman bat egingo dute Bilboko bi erraldoi horien irudiarekin. Izen-ematea online egingo da, museoaren orrian.