Bilboko Kalealdia jaialdian hamabi konpainiak hartuko dute parte hamar ikuskizunekin

Bilboko Kalealdia jaialdian hamabi konpainiak hartuko dute parte hamar ikuskizunekin Dantza, zirkua, kluna, kaleko antzerkia zein instalazio artistikoa izango dira gaurtik larunbatera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bilboko-kalealdia-jaialdian-hamabi-konpainiak-hartuko-dute-parte-hamar-ikuskizunekin/@@download/image/Satellite.jpg
2022/06/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Dantza, zirkua, kluna, kaleko antzerkia zein instalazio artistikoa izango dira gaurtik larunbatera.
Bilboko Kalealdia jaialdian hamabi konpainiak hartuko dute parte hamar ikuskizunekin

Gaur hasiko da Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia eta hogeita hamahiru zirku, dantza, antzerki eta clown ikuskizun izango dira larunbatera bitarte. Euskal Herriko eta beste zenbait lekutako konpainiak hiriko hainbat agertokitan arituko dira eta hiritarrek euren jardunez gozatu ahal izango dute.

Ertza konpainiak Otempodiz lana aurkeztuko du gaur eta bihar, 12:00etan eta 18:30ean, Doña Casilda parkean. Bi norabideko truke eta sorkuntza artistikoko proiektu baten emaitza da, Mozambikeren eta Euskal Herriaren artean egituratzen dena. "Esan ohi da mendebaldean denbora zenbatu, neurtu, erosi, saldu, planifIkatu, antolatu egiten dela. Afrikan, ordea, denbora bizi, eduki, egin egiten da; gizakiaren berezko ondasun subjektiboa da, esanahia du eta ia inoiz ez da falta", azaldu dute.

Mysterieuses coiffures konpainiak Un jardín salido de un cuento misterioso instalazioa prestatuko du, gaur, bihar eta etzi izango dena ikusgai, 17:00etatik aurrera, Casilda Iturriza Parkean. Parkea ikerketa-laborategi bihurtuko dute kolore guztietako lore bakarrak eta onirikoak sortzeko.

Galiziako Pistacatro eta Bilboko Udal Konpainiak Orquesta de malabares eskainiko dute, bihar, 22:00etan, Arriaga plazan. Bi mundu -zirkua eta musika- agertoki berean elkartuko dira, eta udal-bandako hogeita hamar musikari inguru eta sei malabarista arituko dira. 

Trakamatraka konpainiak, berriz, Matraka Culinary Center aurkeztuko du Doña Casilda parkean, bihar, 17:30ean, eta etzi, 12:00etan. Matraka chefak, auzoko rock star eta sukaldari handienak, bere bi pasioak ezkonduko ditu: musika eta sukaldaritza. Menu/kontzertu formatuan, haren plater musikal onenekin gozatuko dute entzuleek: sambatik rapera, punketik Indiako giro-soinuetara... Lapikoak, paella-ontziak, azenarioak, makarroiak, kuiatxoak, erratzak eta sukaldeko koilarak izango dira bere banda bitxiaren tresnetako batzuk.

La Trapecionista Cia konpainiak zirkua eta dantza uztartzen dituen Artxipielago lana erakutsiko du ekainaren 29an, 18:00etan, Casilda Iturrizar parkean. Trapezio finkoko hiru ekitaldik osatzen dute emanaldia, non haria mugimendua, dantza, izango den. 

Panpotx kultur elkarteak Kafe bat Casildarekin kaleko teatroa partekatuko du bilbotarrekin, gaurtik asteazkenera, arratsalde osoan, Casilda Iturrizar parkean. Casilda eragin handiko emakume bilbotarra izan zen eta bere garaiko aberatsena izatera iritsi zen. Ricardo Bilboko Udaleko arkitektoen burua izan zen eta, esaten zenez, modako arkitektoa. Casildak idatzita eta ordainduta utzi zuen bere lurretan aisialdirako parke handi bat eraikitzeko desioa eta Ricardori eman zitzaion hura eraikitzeko eginkizuna. Ikuskizun honetan, bere izena daraman parkean kafea hartzeko geratuko dira, bere garaian elkarri kontatu ezin izan zioten guztia kontatu ahal izateko. 

Zirkozaurre konpainiak Kobr3 zirku ikuskizuna aurkeztuko du ekainaren 30ean, 18:00etan eta 20:30ean, Plaza Berrian. Kobrearen inguruko da eta malabarrak, objektuen manipulazioa, Cyr gurpila, contact bola eta mugimendu pausatuak izango dira hiru artisten eskutik. 

Hika Teatroa eta Oinkari dantza taldeak Gazte ikuskizuna erakutsiko dute uztailaren 1ean, 19:00etan, Plaza Berrian. Euskal dantza abiapuntu izanda, dantza garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartzen ditu, ahotsari ere tokia utzita. Euskal folkloreko doinuei muzinik egin gabe, oinarri elektronikoa izango duten erritmoekin dantzatuko dute, hip hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroez inguratuta. Gazteen inguruko ikuskizuna da, euren ahotik kontatua. 

Dantzaz konpainiak Basoa dantza emanaldia eskainiko du Arriaga antzokiaren ondoan uztailaren 2an, 18:00etan eta 20:30ean. Josu Mujika koreografoa eta Iñaki Salvador konposatzailea elkarrekin aritu dira errefuxiatuen drama kontatzeko, eta haien harremana artea, kultura eta sorkuntzarekin. Xabier Sukia idazlearen hitzek ere osatzen dute pieza.

Hortzmuga teatroak eta Deabru Beltzak konpainiak Senta. Noraezean kaleko antzerki emanaldia eskainiko dute ekainaren 29an, 22:00etan, Plaza Biribiletik Arriaga plazara, eta ekainaren 30ean, 21:00etan, Villarias, Buenos Aires bidegurutzea eta Gas Plazaren inguruan.  Ikuskizun ibiltaria eta musikala da. Senta mamu-ontziaren buru eta gidaria da, eta iparra galduta dabil, noraezean. Egun batean tripulazioaren agintea hartu eta munduari indarrez kantatzea erabakiko du. 

Ikuskizunak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkeko ahateen urmaelaren ondoan egongo den karpan egingo duten Vasilisa izan ezik. Nicole & Martin suitzar konpainiak Vasilisa lana eskainiko du gaurtik asteazkenera bitarte, 19:00etan hasita. Konpainia hau karabanetan bizi da, eta urtean zortzi hilabetez Europa osoan hara eta hona bidaiatzen du kupula baten itxura duen antzoki batekin. Sarrerak hiru euroan salduko dira, eta bildutako guztia Ukraina-Euskadi elkarte soziokultural eta lankidetzako garapenerakoari emango zaio. 

Egitarau osoa eta xehetasunak hemen kontsulta daitezke.