Bizenta Mogel, euskarazko lehen emakume idazlea
Historia liburuetan gizonezkoak izan ohi dira nagusi, emakume izate soilagatik askok ez baitute merezitako ospea eskuratu eta euren lan, zein borrokak anonimatu iraingarrian ahaztuak gelditu baitira. Emakume hauei merezi duten lekua eman nahi izan diegu, etorkizunean belaunaldi berrien erreferente izan daitezen.
"Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dago kiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela goru.a, naiz jostorratza zuzen erabiltzea. Nola nik siniserazoko diet askori, euskeratu ditudala erdaldun jakitunak argiratu dituzten ipuiak? Nolako arrotasuna berriz latiñezko itzkuntzarekin liburu onen asmoa agertzea? Orretarako bear litzake jakitea euskera, gaztelania, eta latinezko iru izkuntzak. Zein gauza sinisgaitza neskatxa bategan!".
Bizenta Mogel, "Irekurle Euskaldunari", Ipui Onac.
Bizenta Antonia Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an, eta euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat dugu. Ez da gauza gutxi, kontutan izanik garai hartan emakume oso gutxik zutela ikasketak jasotzeko aukera. Alta, Mogelen ausardia bikoitza izan zen, urte haietan emakume askok egin zutenaren kontra, zuzenean bere izenarekin sinatzen ausartu zelako. Irudikatu une batez, 22 urteko emakume gaztea, libreki eta euskaraz idazten lehenbizikoz; hain justu, 1804an Ipui onac kaleratu zuenean.
Mogelek euskal literaturaren historian bere izena zizelkatu arren, jasotako arreta ez da behar bezain bestekoa izan, kontutan hartzen badugu XIX. mendean argitara eman ziren hainbat alegia-libururen erreferentzia bihurtu zela, eta baita euskarazko haur eta gazte literaturari hasiera eman ziola ere. Emakume batek bere garaian zituen muga eta oztopoak gaindituz, euskal literatur tradizio androzentrikoa apurtu zuela esan daiteke.
Garaian arraroa zen emakume ikasi bat topatzea, baina Bizentak irakasle fina topatu zuen bere osaba Juan Antonio Mogelengan, hain zuzen, Peru Abarkaren egilearengan. Oso gaztea zela, umezurtz geratu eta Markinan bizi izan ziren anai-arrebak osabarekin. Hark, euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion. 1817an Eleuterio Basozabalekin ezkondu eta Abandora joan zen bizitzera. Abandon zendu zen 72 urterekin, 1854an. Agiriek diotenez, emakume azkarra izan zen, eta ongi baliatu zituen osabarengandik jaso zituen irakaspen klasiko eta erlijioso guztiak.
Bizenta Mogelen idazlanik ezagunena Ipui onac; ceintzuetan arquituco dituzten euskaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vizitza zucentzeco da; 1804an argitaratu zuen, osaba hil zen urte berean, hogeita bi urte besterik ez zituela. Liburuaren hitzaurrean bertan adierazten duenez, latina ondo zekien. Esoporengandik hartutako berrogeita hamar alegia euskaratu zituen, bizkaieraren ukituak dituen gipuzkeraz.
Euskal literaturaren historian garrantzi handi liburua da Mogelek idatzitakoa; egungo ikuspuntutik bere lanaren helburu hezitzaile eta moralak ez dira oso garaikideak, baina testuen balio literarioa ezin uka daiteke. Euskarazko lehen fabula-liburua da hau. Garai hartan latinetik itzultzea ez zen lan makala, euskara arauturik ez zegoenez, euskalki desberdinen artean erabakitzea zaila baitzen. Bertsoak ere idatzi zituen. Hala, Mogelen lan honek euskal prosa literarioaren sorreran edo haur eta gazteentzako literaturaren sorreran lehen oinarriak definitu zituen. Liburuak oso harrera ona izan zuen eta berrargitarapen ugari ezagutu ditu.
Mogelek tradizio herritarra izan zuen bere ipuinen oinarri, alegialari klasikoek eta herriak ere arrunt maiteak izan baitituzte beti abereengandik jasotako irakaskizunak. Abereen irudimenezko mundua gizarteaz hitz egiteko erabili izan dute alegialariek: animalien arteko elkarrizketa eta harremanek gizakion arteko arazoak islatu nahi izan dituzte. Hala, iturri klasikoez gain, herri-ipuinetatik ere jaso zituen bere liburua osatzeko ideiak. Horregatik, ipuinetan animalien arteko elkarrizketak jaso zituen.
Beste lanik ere egin zuen: Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819) izeneko kantuaren egilea izan zen, Mahn-en antologian jasoa; Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) euskaratu zuen; eta Ulibarriarabarraren testuak orrazten ere lagundu zuen.
- Ipuin Onac eleberriari begiratu bat emateko aukera duzue hemen.