Bizipoza Jaialdia apirilaren 26an eta 27an izango da, Hernanin
Egun osoko egitaraua prestatu dute 27rako: tailerrak, haurrentzako jolasak, musika, ikuskizunak...
Bizipoza, gaur egun, Euskal Herri osoko 38 elkartez osatutako elkartea da, eta denek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte. Haur eta familiez osatuta dago eta "Bizipozaren helburua denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea da, euskaratik eta euskaraz". Horretarako, Bizipozaren asmoa ere bada elkarte guzti hauek egunerokoan egiten duten lan hori, eta euren errealitatea gizarteratzea eta eragitea. Euren oinarri nagusiak "euskara, elkartasuna, bizipoza eta auzolana" dira.
Zabalpen eta partekatze horren bidean antolatu dute Bizipoza Jaia ere, Hernanin. Apirilaren 26an, ‘Badator Bizipoza Jaia’ egingo dute Gudarien plazan, Hernaniko ikastetxeen eskutik, giroa berotzen hasteko. Eta ekitaldi nagusia, apirilaren 27an izango da Atsegindegin, goizeko 10:30etan hasita.
Apirilaren 27an egitarau betea izango da. Bizipozako kide diren elkarteen gunea prestatuko dute, 10:30etik 14:30era, eta jolasak eta haurrentzako tailerrak eta Bizipoza elkarteen tailerrak ere egingo dituzte tarte horretan.
Goazen!-eko lagunen ikuskizuna izango da 11:00etan, eta ordu-erdi geroago, Hernaniko buruhandi eta konpartsak kalean ibiliko dira. Ondoren, honako ekitaldi hauek izango dira: Ttarla dantza taldearen emanaldia eta Hernaniko musika eskolako trikitilariak herrian zehar. Horretaz gain, 12:00etan, Hernaniko Boleibol taldeak Hartubol erakustaldia egingo du.
Bizipozako elkarteei eskertza eta aitortza ekitaldia egingo zaie 12:45etik aurrera, eta 13:30etik 15:30era, paella jatea egingo dute. Arratsaldean, Zapotxin, Porrotx eta Marimototsekin irri, kantu eta dantza izango dira, merienda, eta Itzal taldearekin erromeria.
Bizipoza tonbola ere irekiko dute, 10:30etik 14:30era. Dobera Euskara Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, sari mordoa eskuratzeko aukera izango da tonbolan: "Opari-sorta ederra bildu dugu handik eta hemendik, beraz, animatu!".
Jaialdi osoan zehar zeinu hizkuntza zerbitzua eskainiko dela iragarri dute, irisgarritasunari garrantzia eman nahi diotelako. Beraz, behar duen edonork, interprete zerbitzu integrala jaso ahal izango du.