Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen* II. topaketa egingo dute igandean, Bilbon
Bertso poteoa eta bertso bazkaria egingo dute.
Orain dela bi urte egin zen Bizkaiko Bertso Munduko *Emakumeen I. Topaketa, Markina-Xemeinen, eta bigarrena antolatu dute iganderako.
Eguerdiko hamabietan hasiko dute topaketa, Bilboko Errondabide taberna parean. Pote girotua egingo dute alde zaharrean, Garazi Navarro Ugarteburu, Irune Basagoiti Agirre, Ixone Asategi Narbaiza eta Maite Sarasola Isazelaia bertsolariekin.
Ondoren, bertso bazkaria izango da, 14:30ean, Kalderapekon. Jone Uria Albizuri eta Nerea Ibarzabal Salegi ariko dira bertsotan.
Topaketaren helburu nagusia bertsoaren inguruan dabiltzan emakumeak batzea eta eguna giro ederrean pasatzea da. Bizkaian bertsoaren inguruan dabiltzanak elkar ezagutu eta saretzea da asmoa, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak.