"Black Friday"-en iruzurra: Nola ez erori eskaintza engainagarrietan
Iritsi da azaroa edo “deskontu itzelen” hilabetea. Dendak, izan online edo fisikoak, “galdu ezinezko” eskaintzen iragarkiz betetzen dira "Black Friday" eguna dela eta.
Estatu Batuetan, Eskertza Egunaren ondoreneko egun moduan hasi bazen ere, gaur egun mundu mailako erosketen eta deskontuen data bihurtu da. Alabaina, “super eskaintza” horiek badute kontsumitzaile askok ezagutzen ez duten alde iluna: marketin-praktika engainagarriak eta prezioen manipulazioa. Askok azaroa “iruzur handiaren” hilabete bilakatzen dute:
- Deskontuen ilusio faltsua
Ohiko estrategietako bat da Black Friday-aren aurretik prezioak igotzea, gero “beherapenak” aplikatzeko, baina prezioak euren jatorrizko balioan jartzen dituzte Black Friday-en edo egiten duten beherapena huskeria da. Ez badiguzu sinesten ikusi Angeluko Zaran grabatutako bideo hau. Trikimailu hau uste baino ohikoagoa da eta kontsumitzaileek azkenean produktuengatik prezio originala ordaintzen dute aurrezten ari direla sinetsita. - Balio txikiagoko produktuen deskontu selektiboak
Dendek balio gutxiagoko edo erakargarritasun txikiagoko produktuak deskontu handiekin eskaintzeko taktika ere erabiltzen dute arreta bereganatzeko; eta, aldi berean, desiratuenak diren artikuluak ia deskonturik gabe mantentzen dituzte. Honek “eskaintza handiak” daudenaren pertzepzio orokorra sortzen du, baina benetan produktu desiratuenek oso deskontu txikiak izaten dituzte, ia-ia deskonturik izango ez balute bezala da. - “Amu” hutsak diren eskaintzak
Denda batzuetan, deskontu handia duten produktu esanguratsuenak urriak dira eta “amu” moduan erabiltzen dituzte. Hau da, telebista handi bat edo azken modeloko mugikorra deskontu erakargarriekin iragarri arren, eskuragarri dauden unitateak oso urriak dira eta ia ezinezkoa da promozioan dagoen produktu hori aurkitzea. Eskaintza mota hau bezeroak erakartzeko erabiltzen da, eta ondoren, dendan bertan, deskontu txikiagoak dituzten beste produktu batzuk erostera bideratzeko. - Letra txikian baldintza engainagarriak
Promozio eta deskontuak sarritan letra txikian azaltzen diren baldintzekin datoz; hala nola, bidalketa gastu handiak, gutxieneko erosketa baldintzak edo dendako txartelarekin soilik lortzen diren deskontuak. Honek, benetako eskaintzara iristea zailtzen du, eta batzuetan, deskontua baino handiagoak dira kostu gehigarriak. - Presioa estrategia psikologiko moduan
Black Friday-en eskaintza mugatuak “stock-a agortu arte” moduko produktuak erabiltzean oinarritzen da, presa sortuz kontsumitzaileari. Estrategi honek kontsumitzaile asko erosketak berehala egitera bultzatzen ditu, prezioak alderatu gabe edo produktua benetan behar ote duten pentsatu gabe. Praktika hauengatik, askotan Black Friday sasoia pentsatua genuena baino gehiago xahutzeko garaia bihurtzen da, edo benetan behar ez ditugun produktuak erosten amaitzen dugu.
Nola saihestu tranpa hauek?- Ikertu erosi aurretik: Begiratu produktuaren prezioa aste batzuk lehenago eta konparatu denda ezberdinetan deskontua benetakoa den jakiteko.
- Kontsultatu iritziak eta konparatu prezioak denda desberdinetan: Prezioa alderatzeko tresnak baliagarriak dira eta beste kontsumitzaileen iritziek ere laguntzen du benetan produktua interesatzen zaizun ala ez erabakitzeko orduan.
- Ez fidatu deskontu neurrigabeekin: Zerbaitek egia izateko onegia baldin badirudi, beharbada hala da. Egiaztatu produktuaren zehaztapenak eta erosketa baldintzak, ez itsutu deskontua ikusi eta berehala.
- Planifikatu zure erosketak aldez aurretik: Zehaztu benetan behar dituzun produktuak eta ezarri aurrekontu bat erosketak konpultsiboki egitea ekiditeko.
- Berrikusi itzultze politika: Produktuak zuk esperotakoak betetzen ez baditu ere, erosi aurretik itzultzeko aukera dagoen begiratu eta baita itzulketa horren baldintzak ere.
Azken batean, Black Friday egunak deskontu onak eskaini ditzake tentuz erosten badugu, baina eskaintzen eta marketin estrategia agresiboen saturazioak data hau kontsumitzaileentzat tranpa bihurtu liteke. Eskaintzekin kritikoak izatea eta informazio egokia eskura izatea funtsezkoa da benetako deskontuak aprobetxatzeko eta merkealdiz mozorrotutako iruzur baten biktima ez izateko.