'Black Friday'-en bizirauteko bost gomendio
1) Zein da 'Black Friday' egunaren jatorria?
Ingelesezko izenez ezagutzen ditugun jai guztien antzera, egun honen jatorria AEBetan dago. Gabonetako oparien denboraldia irekitzeko egun moduan jaio zen, Thanksgiving Day delakoaren egunaren ondoren. Batzuen esanetan, koloreari erreferentzia dendetatik dator; hain zuzen, egun horretan hasten dira gorriz jarritako prezioak beltzera aldatzen. Beste batzuen ustetan aldiz, Filadefian du jatorria egunak, 60ko hamarkadan; futbol partidu baten ondorioz sekulako arazoak izan ziren hirian. 2006an, zazpi pertsona hil eta 100 zauritu ziren hiri horretan bertan, Black Fridayaren ondorioz. Azken finean, urteko salmenta egunik handiena da AEBetan, eta pixkanaka Europara etorri da joera hori.
2) Denda guztiek egiten al dute?
Ez, baina geroz eta gehiago dira Black Friday-ren ohitura bereganatu dutenak. Lehenak, ohikoa den legez, saltoki handiak izan ziren; guztietan lehena eta egun honen erregea Media Markt da. Atzetik doaz El Corte Inglés, Fnac, eta Inditex taldeko guztiak. Arrakasta gehien dutenak teknologia eta gailu elektronikoak saltzen dituzten dendak dira, horiek direlako eskaintza deigarrienak dituztenak. Aldiz, herri eta hirietako saltoki txikiek oraindik ez dute ospatzen, ez dielako etekinik ekartzen; azken finean, salmentan duten guztiari %20tik %70era bitarteko merkealdia egitean datza egun hau.
3) Zergatik daude astebetez luzatzen diren eskaintzak?
Ostiraleko eskaintza bereziak astebete luzatzen dituzte batez ere egun bakarreko bezeroak ez dituztenek, esate baterako, telefonia edota teknologia enpresek. Hauek kontratazio merkeagoak eskaintzen dituzte egun batzuen epean. Bestalde,teknologia enpresek CYBER MONDAY delakoa asmatu dute, gailu elektronikoen inguruko eskaintzak asteleheneraino luzatuz.
4) Benetako abantailak eskaintzen ote dizkigute?
Kontuz ibili behar da halako egunekin. Askotan, merkealdietan kalitate okerragoa duten produktuak erosteko arriskua dugu, edota puskatuta daudenak.Gainera, behar baino gehiago erosteko tentazioa oso handia da halako publizitate agresiboaren aurrean. Gabonak iristear daude, eta erosteko nahia piztuta dugu urtearen sasoi hauetan; gastatzeko erraztasun handiagoaz gabiltza.Horri gehitu behar diegu argiak, musika, eskaintza ederrak… Behar ez ditugun gauzak bereganatzeko egun beltza izan daiteke.
5) Zer egin dezaket Black Friday-ren atzaparretan ez erortzeko?
Onena, erostera ez ateratzea da. Dena den, dendetara bisita bat egitera animatuko bazara, hau da gure gomendioa: egin aurretik behar duzunaren zerrenda bat, eta egiaztatu bere jatorrizko prezioa. Eskatu ordainagiria beti, eta etxera iristean egiaztatu behar zenuen hori erosi duzula eta ondo dagoela. Ez zoratu dendatan; ziur jendez gainezka daudela, eta horrek ere, gehiago erostera bultzatu zaitzake. Ostirala benetan beltza izatean nahi ez baduzu, erosi buruarekin, eta saiatu disfrutatzen!