Botiltzarra ez dadila Botiltxarra bilakatu

Botiltzarra ez dadila Botiltxarra bilakatu Ai Laket!! elkarteko kideak laborategi-bata, peluka jarrita eta gurditxoak bultzatuz, kuadrillaz kuadrilla joaten gara festetan alkoholaz mintzo. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/botiltzarra-ez-dadila-botiltxarra-bilakatu/@@download/image/alcohol.jpg
2017/02/23
erreportajea

Maitane de Anitua, Ai Laket!! elkartea

Ai Laket!! elkarteko kideak laborategi-bata, peluka jarrita eta gurditxoak bultzatuz, kuadrillaz kuadrilla joaten gara festetan alkoholaz mintzo.
Botiltzarra ez dadila  Botiltxarra bilakatu

Ai Laket!! elkartearen Botiltzarra programak alkoholaren arriskuak gutxitzea du helburu kalean alkohola edaten dauden gazteen artean, edaten ez dutenen erabakia indartzen duen bitartean. Gazteek identifikatu gaitzaten mozorrotuta joaten gara eta gurditxoetan alkoholaren arriskuak gutxitzeko materialak eramaten ditugu alkohola edaten daudenen artean banatzeko, gazteei zerbitzu osoa dohainik aterata.


Edaten dauden edo edateko ideia duten gazte taldeei informazio objektiboa eskainiz alkoholaren erabilera arduratsuago baterako jarraibideak ematen dizkiegu, eta bide batez taldeak izan ditzakeen galdera edota zalantzak argitzen ditugu momentuan.
Bestalde, gurditxoetan festan bertan erabiltzeko arrisku murrizketa materiala daramagu eta gazte taldeei honen eskaintza egiten diegu, besteak beste honakoa luzatuz: arrisku murrizketa neurriak laburbiltzen dituzten pegatinak eta eskuorriak, larrialdi zerbitzuen kontaktuak, ur-botilak, janaria, dosifikatzeko edalontziak, preserbatiboak, zabor poltsak bizikidetzaren hobekuntzarako neurriekin batera, alkohol neurgailuak gidarientzat, etab.


Botiltzarra programan adin gutxiko gazteak nagusitzen dira, baina hau ez da harritzekoa; izan ere, Euskal Herrian alkoholaren erabilera oso handia da, legezko eta normalizatutako droga dugu eta gainera, ospakizunekin estuki lotuta egoten da ohituraz. Hau honela, alkoholaren hasiera adina Euskal Herrian goiztiarra da, eta are goiztiarragoa alkohola legez kanpoko drogekin alderatzen bada.


Bestetik, deigarria da emakume gehiagorengana heltzen garela, aintzat izaten bada orokorrean droga guztien erabilera alkohola barne gizonetan handiagoa dela, psikofarmakoen kasuan ezezik non emakume erabiltzaileak gizonak gainditzen dituzten. Izan ere, emakume kontsumitzailea sozialki gizon kontsumitzailea baino okerrago ikusten da eta honek zera esaten digu: aisialdia eta droga erabilera gizonen espazio zein ekintza izaten jarraitzen duela. Hala ere, eta nahiz eta jai giroan orokorrean gizonak nagusitu ere, Botiltzarra programak emakume gehiagori arreta egitearen arrazoiak bestelakoak izan daitezke, esaterako, nerabezaroan sexuen araberako kontsumoak askoz orekatuagoak direlako, gaztaro eta helduaroan sexuen araberako kontsumo ezberdintasunak nabariagoak diren bitartean. Bestalde,  nerabeen artean sexuaren araberako droga erabileren arteko ezberdintasunak txikiagoak direlako,  programa hau Ai Laket!!-eko beste batzuekin alderatuta, adibidez Testing programa, goizago burutzen delako (berandu egin ahala emakumeen portzentajea normalean  jaisten delako), alkohola legezko substantzia izanda eta normalizatuta egonda beste droga batzuk baino onarpen sozial handiagoa duelako, etab.


Beraz, alkohola edateko erabakia behin hartuta dagoenean hau ahalik eta arrisku gutxienekin egitea da gure helburua, ezetzaren mezuaren gainetik beti egon eta egongo baitira alkoholari baietz esaten dioten pertsonak, hauek gazte zein helduak izan. Hori bai, hazteko adinean alkoholaren erabilera arriskutsua dela, abstinentzia erabateko arriskurik gabeko aukera bakarra dela, edota drogekin lotuta ez dauden aisialdi alternatibak izatea garrantzitsua dela gogoratzen eta ez inposatzen jarraitu behar dugu, benetako erabilera arduratsua egiteko.