Britney Spears bere buruarekin ezkondu da: "Egin dudan gauzarik adimentsuena da"

Britney Spears bere buruarekin ezkondu da: "Egin dudan gauzarik adimentsuena da" Beste hainbat ospetsuk ere egin dute halakorik, baina hutsean gelditu dira euren saiakerak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/britney-spears-bere-buruarekin-ezkondu-da-egin-dudan-gauzarik-adimentsuena-da/@@download/image/cn-articulo-celebrities-britney-2410_335-72664771_20241028101443.png
2024/11/08
Beste hainbat ospetsuk ere egin dute halakorik, baina hutsean gelditu dira euren saiakerak.
Britney Spears bere buruarekin ezkondu da: "Egin dudan gauzarik adimentsuena da"

Britney Spears-ek 42 urte ditu eta gu harritzen jarraitzeko bizitza luzea du oraindik. Abeslariaren azken ekintza aipagarria bere buruarekin ezkontzea izan da. Bere esanetan hori izan da sekula egin duen “gauzarik adimentsuena”. Instagramen idatzi ditu hitz horiek, bere ezkontza propioa irudikatuz, zuriz jantzita agertzen zen argitalpen batean.

"Nire buruarekin ezkondu nintzen eguna gogoratzen… lotsagarria edo zentzugabea dirudi, baina nik uste dut inoiz egin dudan gauzarik adimentsuena dela", zioen bideoaren deskribapenean. Atzean, Sting-en Fields of Gold abesti erromantikoa entzuten zen. Britney-k hasiera batean dirudiena baino mezu sakonago bat bidali nahi zien bere jarraitzaileei: norbere buruaren aitorpena aldarrikatzea eta bere egoera zibilari buruz galdetzen diotenei erantzuna.

Hirugarrenez dibortziatu ondoren, Spears berriz ere bakarrik dago, baina oraingoan bakean, bere buruarekin gustura bizitzearen esanahia ulertzen ari dela dirudi. Izan ere, zoriontasunaren bilaketa ez da beste inorengan oinarritu beharrik.

Sologamia fenomenoa, —norberarekin ezkontzea—, ez da kontu berria. Emma Watsonek eta Cris Galêra brasildar modeloak norbere buruaren onarpena eta norebarekiko konpromisoa sustatu zuten bere garaian. Inori kalterik eragiten ez dion ekintza bada ere, gizarteak oraindik ez du begi onez ikusten norbere buruarekin ezkontzeraren ekintza, ezkontza sakratu heterosexualari desafioa egiten diolakoan. Emma Watson-ek, adibidez, self-partnered izendatu zuen bere burua 2019an, zalaparta mediatiko piztuz. Gero azalpenak eman behar izan zituen, esanez ez zuela bakardadea ospatzen, baizik eta bere burua ezagutzeko prozesuan murgilduta zegoela.

Cris Galêra, bestalde, bere buruarekin ezkondu zen, modu sinbolikoan, 2021ean, eta ekintza hura independentzia eta ahalduntze oihu gisa definitu zuen. Alabaina, hiru hilabete geroago, "dibortziatu" egin zela iragarri zuen. Geroxeago egindako elkarrizketa batean, beste pertsona batekin harreman bat hasteko prest zegoela azaldu zuen, eta askok bere hastapenetako auto-aitorpenean atzera pauso bat moduan interpretatu zuten.

Tracey Emin-ek, Erresuma Batuko artista ezagunak, antzeko esperientzia izan zuen, performance batean harri batekin ezkondu ondoren. Denboratxo bat pasata, Emin-ek aitortu zuen ekintzak izan zuen dimentsioagatik damutu egin zela eta bere ekintza sinbolikoa ez zela guztiz ulertu.

Sinbolismo ekintza bat
Zure buruarekin ezkontzea pentsatzen ari bazara, jakin honek ez duela, legez, zure egoera zibila aldatzen; ez dizu ez zerga gehiagarririk eransten, ez eta gizarte onurarik eskaintzen. Ekintza filosofiko eta sinbolikoa besterik ez da.

Ezkontzaren eta bakardadearen ikuspegi tradizionalari desafio egiten dio. Icíar Bollaín-en La boda de Rosa filmean, Candela Peñak interpretatutako pertsonaiak bere buruarekin konprometitzeko erabakia hartzen du, berriz berarekin aurkitzeko eta bere bizitzaren kontrola hartzeko ahalegin gisa; gizartearen espektatibetatik urrun.

Britney, Rosaren antzera, bere buruarekiko maitasunean oinarritutako independentziaren manifestua zabaltzen ari da ekintza honekin. Azken batean, sologamiak gure bizitza, gure kasara bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du, beste inoren onespenaren beharrik gabe.