'Broders': mutil gazteek euren sentimenduez hitz egin ahal izateko espazio birtuala

Mundu digitalean gero eta maizago nabarmentzen dira sexismoa eta antifeminismoa sustatzen dituzten mezu eta diskurtsoak, eta maskulinitate toxikoa indartzeko eta betikotzeko bidea hauspotzen dutenak. Maskulinitate eredu tradizionalaren krisi garaian, mutil batzuk galduta sentitzen dira, zer egin ez dakitela. Eta erreferente faltan, diskurtso oldarkorrenei egiten zaie tokia.
Honi buelta eman nahian, FIS eta LaInterseccion erakundeek Broders.es izeneko gunea sortu dute, mutil gazteei, batez ere 14 eta 19 urte artekoei, zuzendutako espazio digital segurua, anonimotasunean, euren kezken eta sentimenduen inguruan aritu, zalantzak partekatu eta babesa eta ulermena bila dezaten. Proiektuaren sortzaileek azaldu dutenez, euren asmoa ez da irakastea, baizik eta "maskulinitate osasuntsuagoak, berdintasun eta errespetuzko harremanak eta jarrera eraikitzaileak sustatzeko espazioak sortzea".
Hainbat gairen inguruan -harremanak, gaurkotasuna, osasuna...- aritzeko foro bat dute bertan, galderak egin, erantzun eta ikuspuntuak partekatzeko, izenik edo bestelako datu pertsonalik eman beharrik gabe. Bestetik, Broders ekimeneko taldekide batekin hitz egiteko txata ere badago. Boluntarioek formazioa jaso dute eta jendeari entzutea eta laguntzea da euren helburua; behar izanez gero, espezialista batengana ere bideratuko lukete gaztea. Honekin lotuta, profesionalekin telefono bidezko hitzorduak ere lotu daitezke, kontu jakin baten inguruan akonpainamendua jasotzeko.
Bestetik, 'Temas' edo gaien atalean, gazteen interesekoak izan daitezkeen testuak eta bideoak daude, sexualitatea, arrakasta, indarkeria, estetika eta bestelako gaien ingurukoak. Gainera, Whatsapp taldea ere badute.