Céline Sciamma zinemagile frantsesaren filmak proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran
Uztailean eta abuztuan izango dira emanaldiak, eta bere ibilbideko lehen lanak zein berrienak ikusi ahal izango dira.
Tabakalerak, Bilboko Institut Françaisekin lankidetzan, Céline Sciamma (Pontoise, Frantzia, 1980) zuzendari eta gidoilari frantses ezagunari eskainitako zine-zikloa antolatu du. Uztailean eta abuztuan izango dira emanaldiak, eta bere lehen pelikuletatik hasi eta elkarlan berrienetara arteko lan gehienak erakutsiko dituzte.
Céline Sciammak ibilbide oparoa egin du zinemaren eta telebistaren munduan. Hainbat zuzendarirekin kolaboratu du eta bere proiektuak idatzi eta zuzendu ditu. Sciamma 50/50 kolektiboko kide da, eta Frantziako zinean genero-berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren alde lanean dihardu. Bere filmek identitateari buruzko gaiak jorratzen dituzte batez ere, eta publikoarekin oihartzun emozionala izatea lortzen dute, beren pertsonaien barne-esplorazioaren bidez. Familia, sororitatea eta emakumeen sexualitatearen inguruko kontuak agertzen dira bere filmografian.
Karrera amaierako proiektua izan zen Naissance des pieuvres pelikula eman zuten joan den asteburuan, eta larunbatean, hilaren 13an, bere bigarren filma, Tomboy (2011) erakutsiko dute.
Hurrena, hilaren 20an, (Girlhood) Bande de filles proiektatuko dute, eta uztailaren 27an, berriz, Portrait de la jeune fille en feu filma Kritikak gehien goraipatutako lanetako bat izan zen nazioarteko bere estreinaldian, Cannesko Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Gidoi Onenaren saria jaso zuen bertan.
Abuztuaren 3an Petite Maman emango dute. Berlingo Zinemaldian lehiatu zen, eta Publikoaren Saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Abuztuaren 24an Claude Barrasek zuzendutako Ma vie de Courgette filma izango da ikusgai, pelikula horretako gidoigileetako bat baita Sciamma. Azkenik, abuztuaren 31n, Jacques Audiard-ek zuzendutako Les Olympiades emango dute, gidoigileetako bat baita Sciamma.
Uztaileko saioetarako sarrerak sarrerak.tabakalera.eus webean daude eskuragarri. Abuztuko pelikulenak, aldiz, uztailaren 15etik aurrera ipiniko dira salgai. Emanaldiak 19:00etatik aurrera izango dira.