Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online kontsulta daiteke

Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online kontsultatu daiteke hemendik aurrera, hiztegiak.elhuyar.eus atarian, ingelesa "zubi-hizkuntzarik gabe" ikasteko. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingelesa atalean, 31.700; ingelesa-euskara atalean, 33.400.
Hiztegia paperean kaleratu zen 2016an. Papereko lehen argitalpen hartatik, hainbat eguneratze izan ditu hiztegiak, eta bertsiorik berriena dago kontsultagai Elhuyarren hiztegi orokorren webgunean, euskara-gaztelania eta euskara-frantsesa hiztegiekin batera.
Aurrerantzean ere etengabe eguneratuko dela jakinarazi du Elhuyarrek. "Baliagarria izango da eguneroko lanerako hainbat erabiltzailerentzat. Besteak beste, ezinbesteko tresna izango da itzultzaile, ikasle, irakasle eta, oro har, hizkuntzarekiko interesa duen edonorentzat", azaldu dute.
Webgunean ez ezik, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsulta daiteke (Android eta iOS), eta norberaren ordenagailuko mahaigainean instalatu ere bai, edozein programatatik zuzenean kontsultatu ahal izateko.