Deseskalada: Nola prestatu zure txakurra berriz ere etxean bakarrik geratzeko

Orain lanera itzultzen hasi garen honetan, txakur askok antsietatea senti dezakete etxetik ateratzen garenean. Antsietate hau, zaunkekin, pixka eginez edo etxeko gauzak hondatuz adierazi lezakete.

Deseskaladako fase bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez dudatan bazaude ez zara bakarra. Zure txakurra ere egun batetik besterako errutina eta ordutegi aldaketekin aztoratuta dago. Bi hilabete hauetan etxetik lan egitera ohitu gara asko txakurrarekin alboan, edo bulego inprobisatu bat egin dugu etxean katuarekin batera. Txakur eta katu askoren ametsa bete da honela: bere gizaki maiteak egun osoan eurekin egotea. 

Orain berriz atzera bidea egin behar da. Poliki poliki bulegora edo lanera itzultzeko ateratzen hasi beharrean gaude, etxetik kanporako errutinak berreskuratuz. Gure txakurrak bakarrik geratuko dira berriz ere ordu luzeetan. Baina bi hilabete nahikoa da gure lagun iletsuak zurekin 24 ordu egotera ohitzeko. Horregatik, poztekoa bada ere pandemia kontrolpean edukitzea zure maskota behar bada ez da horren alai egongo. 

Txakur asko antsietate askorekin sentituko dira beraiek gabe etxetik ateratzen garenean, eta modu askotan adierazi dezakete hori: ordu luzez zaunkaka eginez, altzariak suntsituz edo behar ez den lekuetan txiza eginez. Txakurrak berriz ere ikasi egin behar du bakarrik egoten sufritu gabe. 

Izan ere, ez da txantxetako kontua. Txakur antsietateak animaliaren ongizatea arriskuan jarri baitezake. Ikerketek baieztatzen dute antsietateagatik zenbait gaixotasun garatzeko arriskuak hazi egiten direla, hala nola, azaleko arazoak eta baita bizi itxaropena laburtu ere. Gainera, antsietatea puntuala izan daiteke edo hilabete edo urteetan luzatu. 


Bada albiste onik ordea: txakurrari etxean kaka ez egiten erakusten diozun bezala edo esertzen sariren baten truke, aldi baterako bakardadea jasaten irakatsi diezaiokezu eta nahiko erraza da gainera. Nola?

Gakoa ahalik eta azkarren hastea da eta egunero praktikatzea. Errazagoa da kumeekin, zure txakurra heldua bada apur bat gehiago kostatuko zaio, beraz, ahalegin handiagoa egin beharko duzu. Ezinezkorik ez da ordea. Bradshaw teoria bezala ezagutzen denak honela dio: egin etxetik atera behar bazenu egingo zenituzkeen erritual guztia egin, horiek zure txakurrarentzat seinaleak baitira. 

Lau hankako zure lagunak mugimendu horiek -giltzak hartzea, jaka janztea, zapatak lotzea- etxetik zoazenaren seinaletzat hartuko ditu. Erreproduzitu eszena osoa, joan ateraino, eta ondoren utzi berriz ere zure giltzak, kendu jaka. Errepikatu berriz prozesu osoa, baina oraingoan ireki atea eta ondoren itxi. Utzi berriz ere zure jaka eta giltzak euren lekuetan. 

Berriz ere praktikatzen duzunean, ireki berriz ere atea eta oraingoa atera kanpora eta berriz ere sartu. Hurrengo saiakeran geratu kanpoan 10 segundoz eta sartu berriz. Horrela, zure txakurrak ikasiko du ez duela itzuliko ez zarenaren beldurrik eduki behar. Hori bai, zure txakurrak zinez gaizki pasatzen badu aditu bati deituko beharko diozu, laguntza profesionala beharko du eta. Alta, txakurren gehiengoarekin teknika honek emaitza positiboak ematen ditu. Nahikoa izango da zure txakurrari behar dituen erosotasunak eta konfiantza eman eta antsietatea jaisteko. Poliki poliki, bakarrik geroz eta gehiago uzten has zintezke zure lagun iletsua, berehala ikasiko baitu ez duela ezer txarrik bakarrik geratzeak ordu batzuez.